Gero eta gehiago dira, nazioarteko giroak kutsatuta edo XXI. mendeko gizarteaz nazkatuta, iraganeko nostalgiari helduta bizi direnak, egunerokoa zaila denean, errudunak etorkinen edo agintarien artean bilatzen dituztenak.
Ez da nire asmoa sentimendu hauek dituzten herritarren iritziak epaitzea, usteok ugaltzeko dagoen giroa aztertzea baizik. Ekosistema politikoan badaude, gorroto mezuak bidaltzen dituztenez aparte, noski, hitzez bizikidetza loratu eta ekintzekin antipolitika sustatzen dutenak.
Asteon izan dugu adibide bat. Ardura politiko gorenak izan dituen batek kontratua sinatu du estatuko telekomunikazio enpresa batekin, haren administrazio kontseiluaren parte izateko. Bigarren aldia da, gainera, duela hilabete gutxi kargua utzi berritan politikari izandako honek lagun baten multinazionalarekin fitxatu baitzuen.
Esan gabe doa norberak nahi duen lekuan bila dezakeela lana. Arazoa, baina, zure ibilbide politikoko kontaktuak monetizatzean datza, momentu horretatik aurrera ulergarria baita herritarren haserrea. Amorru horrek bakarrik ez du pizten, baina gorrotoaren sua hauspotzen laguntzen du, dudarik ez izan.