Madrilgo salestarren jauregiko korridore eta estantzia dotoreetatik pasatzea gozagarria da beti, nahiz eta botere judizialaren barrenak beste kontu bat diren. Toga beltzak egur eta larruzko besaulki zaharren aurrean, espainiar zuzenbidearen usaina sudur zuloetatik arnastu daiteke Gorenean.
Euskaldunok aspalditik dugu ezagun Espainiako epaileek justizia ulertzeko duten ikuspegi berezia. Bidegabekerien aurrean entzungor, beti izan dira ahulekin ausart eta indartsuekin koldar, dela torturaren aurrean itsu geratzeko edo ustelkeriarekin eskuzabal jokatzeko. Daitort, aspaldikoa dut espainiar epaileekiko obsesioa.
Botere Judizialak eskainitako datuak dira. XXI. mendean epaile sartutakoen %6k senide zuzen bat du epaile moduan. Endogamia agerikoa da, proportzioan epaileak herritar guztien %0,005 besterik ez da eta. Familia tradizioa eta klase kontua, epaile berrien batez besteko adina 28 urtekoa denean eta haietako %60k aurretik sekula lanik egin ez duela kontuan izanda.
Askotan galdetzen didate politikarien eta enpresarien ustelkeriez, askotan ahaztuta, ustelenak beste batzuk direla.