Bukatu dira itsasertzeko irakurketa ordu amaigabeak eta zerbeza arteko lagunen solasaldiak. Udazkenarekin bat, egunak gero eta motzagoak dira eta errutina, gupidagabeko xurgagailu baten tankeran, asteak irensten hasi da.
Ikasturte berriarekin, baina, uda aurretik geneukan egoerara itzuli gara. Gero eta jasangaitzagoa da inguruan daukagun zarata, leku guztietatik iristen zaizkigun gezurrak, eztabaida antzuen zaunkak. Sareetatik, telebistatik edo irratitik ihes egiteko tentazioa handiegia da.
Irail hasieran Espainiako Vueltaren inguruan Euskal Herrian zein estatuko zenbait lekutan izan ziren mobilizazioek argi izpia ekarri arren, gaurkotasunak azkar eraman gaitu berriro zurrunbilo kaotiko horren erdigunera.
Trumpek eta Netanyahuk pozik aurkeztu dute inorekin eztabaidatu eta negoziatu gabeko Gazarako "bake akordioa". Bitartean, Isabel Diaz Ayusok Pradales lehendakariari mehatxu egitea leporatu dio, Alderdi Egunean "Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun" esan beharrean "pin, pan, pun" esan ziola salatuta. Esajerazioa, muturreko antzezpena eta biktimizazioa.
Hasi besterik ez gara egin eta asperdura handiegia da. Zein irtengo da irabazle kaka-putzu honetatik? Asmatzea ez da batere zaila.