Argi ordu luzeak, opor giroa, Miurak Estafetan gora eta txirrindulariak Pirinioetan. Askorentzat Tourra da urteko kirol gertakizunik garrantzitsuena, pasioz bizi duguna. Udako bazkalosteetan, Normandiako zeru grisetatik Provenzako Mont Ventoux gain distiratsura bidaiatzeko aukera ematen diguna.
Tropeleko maillot koloretsuen artean bat nagusi, liderraren horia, Tadej Pogacarrek agintekeriaz erakusten duena. Vingegaardek ere ezin aurten berarekin. Laugarren garaipenaren bidean, esloveniar gazteak historia egin nahi du, Eddy Merckxi sekula izan den txirrindulari onenaren lekua kenduta. Eskura du erronka lortzea.
Bere garaipen goseak, baina, argi itzalak sortzen ditu ezinbestean. Indurainek Parisera horiz jantzita heltzeko arerioei garaipenak errazten bazien, Pogacarrek ez die ogi apurrik uzten. Miguel bihotzean, ezin maite txirrindularitzan Real Madrilek futbolean bezala jokatzen duen hori.
Garaipenarekiko zuen itsutasunak kamustu zuen Merckxen kirol bizitza, lesioek eta 75eko Tourrean zale batek eman zion ukabilkadak, historia egin nahi duen horrek kontuan izan beharko lukeen lezioa.