Santos Cerdan, Sanchezek PSOE zuzentzeko zuen arduraduna, kontratu publikoen iruzurretan sartuta zegoen, Guardia Zibilaren esanetan, Abalos ministroarekin eta Koldo Gartzia aholkulariarekin batera.
Tipo xelebrea Koldo hau. Zabortegi eta putetxeetako zaindari, ETAren kontrako jardunean Guardia Zibilak saritua, PSOE barruan ardurak lortu zituen alderdiaren ekitaldietan aizkolari erakustaldiak egiten zituen bitartean.
Beste azpijoko batzuen artean, Koldok eta Cerdanek Elgoibarko enpresari batekin tratuak izan zituzten. Ikerlarien arabera, ustelkeria egiturak presentzia garrantzitsua zuen Gipuzkoan, eta horrek gurean izan diren zenbait kasu ekarri dizkit gogora: De Miguel auzia, Bidegi kasua edo, isilpean, burua galdu zuen zaindari bati leporatu zioten Gipuzkoako ogasuna erre zuen sutea.
SER irrati katearen arabera, Koldok euskal politikariekin grabatutako elkarrizketa ugari izango lituzke. Madrildik datorren kiratsak bertako putuseina estaltzen badu ere, Koldo izango ote da eusko label ustelkeria azaleratuko duen Kortatuk aipatzen zuen aizkolaria?
Gernikako arbola guztiz txikitzen ari, ni nintzen aizkolari!