Aitortu beharra dut segundo batzuk behar izan nituela trafiko-agintarien mezua ulertzeko, nire harriduratik irten eta gipuzkoar kostan auto ilaran harrapatuta dagoen gidari baten lekuan jartzeko. Arroa parean geldi egongo banintz, asko kostatuko litzaidake Kantabriarako bidean nagoela ondorioztatzea.
Bada, gure agintarien beste Kantabriatitis krisi baten aurrean gaudela esango nuke. Doala aurretik ez dudala ezer Santander inguruko herritarren kontra, baina bai, ordea, eta asko, euskal agintari batzuek iparrorratza Santoñara begira jartzeko duten ohitura trakets horren aurka, Euskal Herria ulertu, bizi eta eraikitzeko duten ikuspuntuaz asko baitio.
Zergatik istripua Kantabriara bidean eta ez Debara, Eibarrera edo Bilbora bidean? Mendebaldera begira jarriz gero, zergatik ez zen istripua Galiziara, Lisboara edo, behin jarrita, Habanara bidean izan? Auskalo.