Posible zen hitz horiek Franco diktadorearenak izatea, jakina baita Espainiako caudilloak bere ministroei politikan ez sartzeko gomendioa egin ohi ziela, baina ez, Unai Simonenak dira, Kilian Mbappek eskuin muturraren kontra egin zituen adierazpenen harira esanak.
Diktadura garaietan bezala, orain ere, iritzi politiko deserosoen gainean isiltasun itzala zabaldu nahi izatea kontserbadurismo kasposoenaren adibide da. "Politikaz ez galdetu, ni futbolaria naiz!", dio Simonek, paparrean Espainiako selekzioaren ikurra duela, kolore gorri-horiek euskaldun askori begietako mina sortuko ez baligute bezala.
Jakin nahiko nuke egungo Athleticeko atezainak zein iritzi duen Iribarrek eta Kortabarriak Atotxan ikurrina atera izanagatik. Frankismoaren hondarrean euskal futbolariek isilik geratu behar zuten orain eskuin muturrarekin egin behar luketen moduan? Epelkeria-zaleentzat bai, noski, orduan bezala orain ere bando berean daudelako.