Nikita Krutxev Pepsi edalontziari eusten Richard Nixonen parean, Leonid Brezhnev Erich Hoeneckerri ahoan muxu ematen edo Henri Kissinger zotz txinatarrekin jaten ikasten Zhou Enlai Txinako lehen ministroarekin lasai eserita.
Hamarkada batzuk geroago bada ere, potentzien arteko irribarre-gerran beste pasarte bat ikusi dugu aste honetan bertan. Poztasuna aurpegian, Emmanuel Macron presidenteak Tourreko maillot horia eman dio Xi Jinping Txinako presidenteari, non eta Tourmalet gailurrean den taberna barruan.
Aurreko mendean bezalaxe, potentzien arteko lehia propagandaren alorrean libratzen da egun ere. Ameriketako Estatu Batuak munduari su emateko prest daude Txinari hegemoniaren maillot horia janzteko aukera kentzeko eta Europak, bere dekadentzia geldiezinean, bi aldeen arteko ezinezko oreka mantendu nahi du.
Zer pentsatuko zuen Xik Tourmalet gainean? Jakingo ote zuen Indurainek han bertan erasoa jo eta estatubatuar batek, Greg Lemond-ek, ordura arte zuen nagusitasunarekin amaitu zuela, Tourrean sekula izan den arrakasta arorik handienetako bati hasiera emanda? Indurainen bidetik Xik ere irabaziko ote du potentzien arteko Tourra?