Otsail bukaeran, NATOko eta Europar Batasuneko buruzagiek bilera egin zuten Parisen, Zelenskiren tropek jasandako azken porroten harira. Egoera kezkagarria da, antza, mendebaldeko potentzientzat, Emmanuel Macronek ebatsi baitu NATOk soldaduak bidali beharko lituzkeela Ukrainara.
Ideiak Estatu Batuen ezezkoa jaso duenez, amorrazioak jota, errepublikako presidenteak tematuta jarraitu du Europa guztia gerran sartzeko ideiarekin. "Ez da koldarkerietarako garaia", esan du. "Historiak eskatzen digun mailan egon behar dugu".
Napoleon izan zen Errusiara soldaduak bidali zituen azken buruzagi frantziarra. Enperadorea Moskuraino heldu zen, Kremlinen lo egiteraino. Baina errusiarrek Grande Armee zelakoari kristoren jipoia eman zioten, eta inbasiora joandako 650.000 soldaduetatik 40.000 besterik ez zen bizirik itzuli. Historiaz hitz eginda, dabilela kontuz, beraz, Napoleon txikia.