Netanyahu lehen ministroak argi esan du aste honetan bertan: "Gaza desberdina izango da gerra amaitzean". Gaza dagoeneko desberdina da. Nazio Batuen arabera, Israelek bere zigor operazioa martxan jarri zuenetik bertako eraikinen %45 suntsitu ditu, eta hamar mila pertsona hil, %70 emakumeak eta haurrak.
Datu beldurgarriak, tamainako triskantza eragin duen estatuari nazioarteko zigorrak jartzeko edo berau militarki jazartzeko bestekoak. Ondo dakigu, baina, ez dela horrelako ezer pasako.
Europak Estatu Batuen morroi jarraituko du eta Israelen ankerkeriei epeltasunez erantzungo die. Eta zer esanik ez herrialde arabiarrei buruz, ez espero ezer egingo dutenik anai-arreba palestinarren alde.
Panorama beltz honetan, inpotentzia da inguruan gehien sumatzen dudan sentimendua. Sentimendu partekatua. Ezer gutxi egin dezakegu: amorruari eutsi eta memoria gorde. Palestina aurrera!