Espainiako gobernu koalizioak eskuinaren bultzadari eusteko izango dituen zailtasunek kezka pizten zioten lagunari, eta nik esan nion Pedro Sanchezek azken boladan egindako iragarpen sortak PSOEri mesede baino kalte gehiago egingo diola.
Bada, nire ikuspuntutik tiraka, lagun diplomazialariak kontatu zidan bere herrialdeko hauteskunde legeak alderdiak derrigortzen dituela aurreko kanpainan proposatutako neurriak bete dituzten edo ez erakustera. Hau da, paskin eta eskuorrietan, kartel zein iragarkietan, alderdiek bete gabe utzi dituzten proposamenak erakutsi behar dituzte, hautesleak jakin dezan hautagaia fidatzekoa edo berritsu hutsa den.
Datozen hiru asteetan lehia bizia ikusiko dugu euskal alderdien artean; batez ere, hegemonia bila ari diren bi indar abertzaleen artean. Hemen horretara derrigortuta ez daudenez, irakurleari gomendatuko nioke alderdiek denbora honetan esandakoa entzuteko, proposamenak irakurtzeko eta, noski, kanpainako ke gortinen gainetik botoa ondo pentsatzeko.