Hautagai demokrata Bush errepublikanoaren aurretik zen inkesta guztietan; tarte zabalarekin, gainera. Egoera horri buelta emateko, baina, Bushek joko zikinean trebatutako aholkulari bati plan bat prestatzeko eskatu zion. Enkargua jasota, Lee Atwater –holaxe zuen izena, besteak beste, Reaganen kanpainak zuzendu zituen aholkulariak– Dukakisen iragana miatzen hasi zen trapu zikinen bila.
Hasieran bilaketak fruiturik ez eman arren, Atwaterrek kanpaina goitik behera aldatu zuen informazioa aurkitu zuen. Massachusettsen gobernadore zen garaian, Dukakisek lehen graduko presoei baimenak mantentzearen alde egin zuen. Garai hartakoa zen Willie Horton presoari leporatutako bortxaketa. Hortonek espetxetik irteteko zuen baimen bat probestu zuen emakume bati eraso egiteko, eta, albistea ikusita, Atwaterrek berehala jakin zuen zein izan beharko zukeen Bushen kanpainako mezu nagusiak: Dukakisek bortxatzaileak askatu ditu.
Bushek, noski, hauteskundeak irabazi zituen eta Dukakis ez zen inoiz presidente izan. Badirudi 35 urte geroago taktika zikin horiek bueltan direla eta Pedro Sanchezek hautagai demokrata aurpegia duela.