Ezker abertzalea iraganeko garaietan errotuta

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Iturrospe 2014ko eka. 28a, 00:00

2011ko urrian ETAk armak utzi zituenetik Euskal Herrian bake eta normalizazio politikoa lortzeko prozesuari ekin diogu itxaropentsu.

Hasieratik jakin dugu ez zela erraza izango, baina normalizazio politikoari zegokionez aurrerapausoak eman zitezkeen harreman politiko eta erakundeen arteko lanaren ildotik. Baina Oñatiko EAJ-PNV kezkatuta dago ikusten ari denagatik; izan ere, Ezker Abertzalea bizikidetza, bake prozesua eta normalizazio politikoa sustatu baino gehiago, iraganeko garaietan kokatu da berriz ere.

Ezker Abertzalearen lehentasuna ez da Euskal Herriaren independentzia, ezta presoen arazoari irtenbidea ematea, ezta krisiari aurre egiteko enplegua sortzea ere. Duten lehentasun bakarra da EAJ-PNV mapatik desagerraraztea. Edozein gezur, manipulazio eta boikot erabiltzen ari dira gure alderdia iraintzeko, badirudi EAJ-PNV astintzeko denak balio duela. Oñatiko Ezker Abertzaleak hitzezko eta erakundeen arteko konfrontazio politikoari ekin dio. Horren adibide da Eusko Jaurlaritzako sailburu Josu Erkorekaren bisitaren harira hartutako jokabidea. Aurreko legealdian, Erkoreka Madrilen diputatu zela, MU Enpresa Zientzien Fakultatea eraikitzeko 6 milioi eta Arrasateko Eskola egiteko 7 milioi euro lortu ziren. Ostegunean, ekainak 18, sailburua Oñatiko batzokira gerturatu zen hitzaldia eskaintzera, eta, Frankoren diktadurapean bezalaxe, manifestazioa egin zuten batzoki parean zarata eginez, bertaratuek Erkoreka entzun ez zezaten.

Zuen nortasunaren ikur dira inposaketa, zuek bezala pentsatzen ez dutenak isilaraztea, konfrontazioa kudeaketa gaitasunak estaltzeko, hitzezko indarkeria eta "hemen nik agintzen dut" jarrera. Oñatiko EAJ-PNV ez da probokazio horietan eroriko, oñatiar guztien alde lan egiten jarraituko dugu, manifestazio, hitzaldi eta bestelako jardunaldiak errespetatuz, edozeinek antolatzen dituela ere.

----------

Mikel Iturrospe

(Oñatiko EAJ-PNVko udalbatzako presidentea)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak