Oñatiko EAJ-PNVren aurkako erasoak, iraganeko garaien ispilu

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Iturrospe 2014ko mar. 2a, 00:00

Azken egun hauetan Oñatiko kaleetan kartel eta pegatina iraingarriak ikusi ditugu Lourdes Idoiagaren, udaletxeko gure bozeramailearen, irudia erabiliz.

Lourdes lapurra lelopean, iraganeko salaketak egin dituzte kanpaina honen egileek. EAJ-PNVren eta bereziki Lourdes Idoiagaren aurkako kanpaina honen helburua alderdia eta pertsona beldurtzea, desprestigiatzea eta oñatiarren gogoan eragitea baldin bada, 119 urte dituen alderdi politiko abertzale honek, EAJ-PNVk, argi eta garbi esaten die aurpegia estalita kartel hauek jartzen ibili diren balienteei iraganeko garaietan kokatuta jarraitu nahi badute oñatiar eta euskaldun guztion bake nahiari bizkarra eman diotela. Diana batean pertsona bat jartzea oso erraza da eta ezker abertzalearen praktika izan da urte askotan zehar. Giza eskubideen aldeko apustua egin du beti EAJk, bakearen aldeko apustua eta normalizazio politikoaren aldekoa, eta horrelaxe jarraituko dugu. 

Oñatiko kanpaina honekin batera, denbora berean, Eskoriatzako batzokian ikurrina desagertu da, eta gure alderdikide batek idatzi duenez, ez dirudi Ynestrillas eta bere lagunak izan direnik, hortik metro gutxitara dagoen beste ikurrina bat bakean utzi baitute. Ynestrillas ez, baina kanpaina hauen egileak ultraeskuindar espainolak praktikatzen duen faxismoaren parekoak dira oñatiar enkaputxatu baliente hauek bezalaxe. EAJ-PNV ez da kikilduko ekintza hauen aurrean. Kartelak jarriko dituzte demokrazian eztabaidetan aritzeko argumenturik ez daukaten ekintzaile hauek, pertsonak eta bere ibilbideak zalantzan jartzen eta iraintzen saiatuko dira, baina gauza bat esan nahi diegu argi eta garbi: ez gara probokazioetan jausiko. EAJ-PNVk beti egin du giza eskubide guztien alde, beti egin du bakearen alde eta, batez ere, sinesten dugu Euskal Herri baketsu eta normalizatu baten bidean gaudela, eta horren aldeko apustuan jarraituko dugu. Oñatiko komando kartel-eko baliente hauek zeren aldeko apustua egiten dute? Oñatiarren arteko liskarraren alde? Argumentu eta metodo patetikoen alde? Ala Euskaldunon normalizazio eta bakearen aurka? Zuen salaketaren harira, ez zarete nonbait oraindik ohartu gaur egun ideia politiko guztiak daudela legalizatuta, guztiok duzuela ahotsa emateko eskubidea, baina aurrez aurre, aurpegira, ez duzue kaputxaren beharrik eta gauez kartelak jartzen ibili beharrik. Esan beharrekoa esan egiguzue egunez, oñatiarren aurrean eta aurrez aurre.

----------

Mikel Iturrospe

(Oñatiko EAJ-PNVren izenean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak