Miguel Altunako ikasleak Amsterdamen, 3D inprimaketaren nazioarteko proiektu batean

Erabiltzailearen aurpegia Miguel Altuna Lanbide Heziketa 2026ko ekainaren 18a

Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako lau ikaslek Amsterdamen egin den "Building Bridges, Boosting Skills: EU Students United in 3D Printing" nazioarteko proiektuaren azken fasean parte hartu dute. Debagoieneko ikasleek, Santurtziko eta Kroaziako beste hainbat gazterekin batera lan egin dute hainbat egunez.

Egonaldiaren baitan, Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) oinarritutako diseinuak sortu eta 3D inprimatu dituzte. Lanaren emaitza gisa, parte-hartzaile guztiek elkarlanean muntatu dute  "1 For All" fundazioaren logotipoa irudikatzen duen totem bat.

Lan saioak Nova College Beverwijk eta Nova College Techport ikastetxeetan egin dituzte. Azken egunean, ikasleek euren proiektuak aurkeztu dituzte, eta Estatu Batuetako irakasle baten balorazioa eta gomendioak jaso dituzte.

Proiektuaz gain, Amsterdam eta ingurua ezagutzeko aukera ere izan dute ikasleek. Miguel Altunatik nabarmendu dute esperientzia "oso aberasgarria" izan dela, bai teknikoki baita maila pertsonalean ere.

Bestalde, proiektuaren antolatzaileek 2027rako Herbehereetan egingo duten ekimen berrian parte hartzeko gonbidapena egin diote Bergarako ikastetxeari, Ipar Europako beste hainbat herrialderekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak