'Industria 5.0rako lanpostu digitalak' proiektua Miguel Altuna Lanbide Heziketan

Erabiltzailearen aurpegia Miguel Altuna Lanbide Heziketa 2026ko maiatzaren 28a

Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren 2023ko berrikuntza-proiektuen deialdian hautatutako Industria 5.0rako lanpostu digitalak ekimenak aukera eman du Miguel Altuna Lanbide Heziketan etorkizuneko industria irudikatzen duen ikaskuntza-ingurune aitzindaria garatzeko.

Proiektuak lanpostu digitalizatuetan oinarritutako esperientzia pedagogikoa sortu du, non ikasleek produktu errealen muntaketa eta prozesu teknikoak Learning Factory ingurunean lantzen dituzten; hau da, errealitate industrialaren baldintzak modu seguru eta hezitzailean simulatzen dituen ingurune semindustrialean.

Ekimena honako goi-mailako heziketa-zikloetan txertatu da: Administrazioa eta Finantzak, Automatizazio eta Robotika Industriala, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa, Fabrikazio Mekanikoko Diseinua, Mekatronika Industriala eta Zuzendaritzari Laguntza. Guztira, 70 ikaslek hartu dute parte, Industria 5.0ren ikuspegi berritzailea modu praktikoan biziz eta diziplinarteko lankidetza indartuz.

Proiektuaren ardatz nagusietako bat pertsona eraldaketa teknologikoaren erdigunean jartzea da. Horrela, ikasleek ez dute soilik teknologia aurreratuak erabiltzen ikasten, baizik eta haien eragina ulertzen dute lanaren antolaketan, erabaki-hartzean, ergonomian, jasangarritasunean eta etengabeko hobekuntzan.

Proiektua Miguel Altuna LHren eta Alcoiko IES Cotes Baixes ikastetxearen arteko lankidetzari esker garatu da, Aurrelan S.L. enpresaren parte-hartzearekin batera. Lankidetza horri esker, Alcoiko zentroan Miguel Altunan garatutakoaren antzeko instalazio bat sortu da, esperientzia partekatu eta eredu berritzaile bat sendotuz.

Ezarritako teknologia guztia ikuspegi argi batekin diseinatu da: pertsonaren gaitasunak indartzeko tresna izatea, ez ordezkoa. Laneko jarraibide digitalek, ikusmen artifizialak, errealitate areagotuak, trazabilitate-sistemek, MES integrazioak, prozesuko ikuskapenek eta robotika kolaboratibo seguruak, besteak beste, lan-prozesua gidatzen dute, akatsak murrizten dituzte, autonomia handitzen dute eta ikaskuntza errazten dute benetako ekoizpen-ingurunean.

Horrela, Miguel Altuna LHk Industria 5.0 ereduaren aldeko apustua indartzen du: gizatiarragoa, parte-hartzaileagoa eta jasangarriagoa den industria baterantz urrats sendoak emanez, non digitalizazioak pertsonen gaitasunak indartzen dituen eta ikasleak etorkizun industrial digitalizaturako prestatzen dituen, ikuspegi kritiko eta aktibo batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak