Mundu global eta askotarikoan bizi gara, berdintasuna arlo askotan lortu gabe dagoen batean. Arduratu eta kezkatzen gaituen gai bat generoaren eta teknologiaren arteko etena da. Frogatuta dago emakume gutxiagok aukeratzen dituztela lanbide teknologikoak, emakume gutxiagok egiten dutela lan mundu zientifiko eta teknikoan, garrantzi gutxiagoko postuetara heltzen direla emakumeak eta garrantzi eta maila bereko postuetan soldata baxuagoak jasotzen dituztela.
Horiek guztiak ez dira gertatzen gustu eskasagoa, gaitasun apalagoa, bokazio urriagoa edo jarduera maila apalagoa dutelako. Gizarte, kultura eta hezkuntza faktoreek ahalduntzen, aitortzen eta sustatzen dituzte emakumeak gizonak baino maila txikiagoan. Hezkuntza eta gizartea eraikitzeko erabiltzen ditugun estereotipoek, sozializazio prozesuek, genero rolek, ezkutuko matxismoek sinestarazten digute emakumeak ez direla hain gai eta horiek eragiten dute emakumeek aintzatespen txikiagoa izatea gizarte eta ekonomia mailan.
Errealitate hori aldatu egin daiteke, ordea, eta egitea garrantzizkoa da. Asko dugu jokoan. Eta gizarte osoari dagokigu lan hori, gizartea osatzen dugun pertsona eta erakunde guztioi. Sinatu dugun adierazpen hau konpromiso bat da. Adierazpen honekin bat egiten duten pertsona eta erakundeek, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, zientziaren eta teknologiaren esparruan aktiboki lan egiteko konpromisoa hartzen dute.