Geroz eta beharrezkoago jotzen da Hezkuntza Sistemaren eta Lan munduaren arteko lankidetza, batez ere, azken urteotan bizitzen ari garen negozio-eredu berriak, nazioarte nahiz mundu mailako merkatuen aldaketak eta gizartearen higikortasunaren garapen argia kontuan hartzen baditugu.
Denok ezagutzen dugu Euskadiko Lanbide Heziketako DUAL sistema izaten ari den gorakada. Miguel Altuna LHIIn, DUALaren ibilbidea 2012an hasi genuen 6 ikaslerekin. 16/17 ikasturtean 56 ikasle dabiltza ikasketak lanarekin txandakatzen DUAL sistemaren bidez eta 17/18 ikasturteari begira, Debagoiena eta inguruetako 40 enpresa baino gehiagoren eskaerak jaso ditugu, eskaeren gorakada nabarmena aurreikusi daitekeelarik, eta berriz ere Euskadiko Lanbide Heziketa DUALean erreferente bilakatuz.
DUALaren gorakada honek, enpresa eta ikastetxearen arteko harremanean eragin zuzena du . Horregatik, LH DUALari loturiko tramitazioa erraztu eta informazio guztia enpresen eskura jartzeko asmoz, datorren maiatzaren 24an, arratsaldeko 16:30etan, Debagoiena eta inguruko 40 enpresa baino gehiagotako Giza Baliabideetako arduradunak bilduko dira Miguel Altunako areto nagusian.
Ekitaldi honetan, Lanbideko Kabinete Teknikoko ordezkari batek datozen urteotarako aurreikusten diren Euskadiko enplegu prospektibak eta okupazio joerak aurkeztuko ditu. Ondoren, Miguel Altunako arduradun desberdinek Miguel Altunako DUALaren funtzionamendua eta egin beharreko tramiteak azalduko dituzte. Jardunaldia ixteko, 15/16 ikasturteko DUALeko ikasleen diploma banaketa egingo da.
Gaur egun enpresetako ordezkariak biltzea zaila izan arren, dagoeneko eskualdeko 30 enpresa baino gehiagotako ordezkariek ekitaldira etorriko direla baieztatu dute.
Izen emateak, www.imaltuna.com orrian, ekitaldia@imaltuna.com helbidera idatziz edo 943 76 70 49 zenbakira deituz egin daitezke.