Azkenaldian, duen larritasuna agerian gelditu da Jose Angel Otxoa de Eribe hil denean, 19 urte kartzelan egon ondoren etxean gaixorik larri utzi eta lau hilabetera hil denean. Hirugarren preso ohia da aurten hiltzen dena baldintza berdinetan, Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomezekin batera. Salbuespeneko espetxe politikak hil ditu.
Larriki gaixo diren presoek beraien gaixotasuna baldintza duinetan artatua izateko eskubidea dute berau gainditzeko helburuarekin, eta ez gaixotasunak jada atzera bueltarik ez duenean, hiltzera etxera bidaltzea.
Baldintza duinak dira: konfiantzazko medikuaren jarraipena izatea, senideen gertutasun eta babesa jasotzea, egokitutako gune erosoan zaintza jasotzea...
Egoera lazgarri honetan 21 euskal preso politiko daude; beraien artean, gure bailarako herrikidea den Joseba Erostegi Bidaguren Eltzikorta dago; beraien askatasuna eta zaintza duina aldarrikatzeko ekimen sorta antolatu da bailarako herrietan eta, bereziki, Antzuolan.
Joseba Erostegi Bidaguren. Herrera de la Manchan dago preso, 1997. urtetik dago preso, 22 urte luze. 1953an jaio zen; beraz, 66 urte ditu. Bere gaixotasunaren diagnosia ondorengoa da: koloneko askotariko polipoak kolektomiarekin; uzki-perineo aldeko fistula konplexua, uzkiko kartzinoma berrukosoa, kolon zatia kendu behar izan diote.
Egoera lazgarri hau berriro mahaigaineratu eta aktibazioa sustatzeko asmoz, hemendik aurrera garatzeko herrialdez herrialde, eskualdez eskualde, herriz herri –lehentasunez gaixo larriak dauden herrietan–, gaixo larriek bizi duten errealitatearen berri eman eta egoeraren larritasuna irudikatu asmoz, Anbulantzia-ren dinamika martxan jarriko dugu bailaran, azaroaren 29 eta 30ean. Bukatzeko, herritar guztiei Antzuolan egingo dugun manifestaldi eta ekitaldirako gonbidapena egin nahi diegu, zapatuan, 30ean, 18:30ean, Antzuolako plazan.
Gaixotasun larriak dituzten presoek etxean egon behar dute.
Eltzikorta etxera.
----------
Maialen Guridi Loidi eta Unai Arantzabal Anduaga
Sare
Debagoiena