Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da aurtengo ekitaldia. Motorrak berotzen gabiltza, entitateek –enpresak eta establezimenduak– izena eman dute; gutako bakoitzak izena emateko aukera dauka; bihar, zapatua, ekitalditxoa izango da plazan…
Hala ere, zenbaiti izena eman duten galdetzean erantzun hau jasotzen da: "Euskaraldia? Zertarako, guk egiten dugu, zer gehiago?". Bai; zorionez, euskara asko entzuten den herrian bizi gara, baina errotuta dauzkagun hizkuntza ohitura eskas horiek aldatzeko aukera aproposa da.
Zertarako? Euskara ikasi duen edo ikasten ari den aspaldiko lagunarekin euskara erabiltzeko, pentsatu gabe gaztelaniaz egin diogun zerbitzariari edo dendariari euskaraz egiteko, ezagutu berri duzun lagunarekin harremana euskaraz hasteko… Mila eta bat arrazoi daude Euskaraldira batzeko eta ahalegina egiteko.
Beraz, animatu, eman izena eta, zoazen tokira zoazela, erabili euskara barra-barra.