Pasa den astean hainbat komunikabidetan argitaratu zen drone batek Libiako talde armatu bati tiro egin ziola, gizakiaren agindurik jaso gabe, modu autonomoan, historian lehen aldiz. Drone horrek, antza, hartutako irudiak adimen artifizialean oinarrituta aztertzen ditu, erasoko dituen jomugak aukeratu eta haien aurka jaurtigaiak botatzen ditu
Albisteak sortutako zirrara gainditu ondoren, Isaac Asimov-ek 1942an argitaratutako Runaround liburuan azaldu ziren robotikaren hiru legeak etorri zitzaizkidan burura. Lehenak zioen: "Robot batek ezin dio kalterik egin gizakiari, edo, ezer ez egiteagatik, gizakiari kalteak eragiten utzi".
Harrezkero, erakunde, zientzialari eta beste askok antzerako legeak sortu dituzte robotikarako edo adimen artifizialerako. Baina, arauak arau, ezinbestekoa da alderdi etikotik gogoeta egitea eta sekula gainditu ezingo diren mugak irmo ezartzea; izan ere, aurrerapen zientifikoak oso lagungarriak izan badaitezke ere, teknologia horiei ematen zaien erabilpena etikoa izan behar da.