Alarma egoera honek denoi eragin digu: ikasleei, enpresei, langileei, osasungintzakoei… eta, zer esanik ez, tarte honetan hurbilekoren bat galdu dutenei. Bihoakie azken horiei nire doluminik sentituena.
Badaude eragindako gehiago ere; esate baterako, itxi behar izan duten denda, jatetxe eta tabernak. Egoera horri aurre egiteko, pertsona horiei laguntzeko plataforma bat sortu dela iritsi zait sare sozialen bidez. Kuttuna du izena, eta Oñatiko Magnet kooperatibak sortu du musu-truk. Plataforma hori une honetan itxita dauden denda, komertzio eta ostalaritza laguntzeko dago pentsatuta. Parte hartu nahi duten komertzioek izena eman ondoren, guk, gainerako herritarrok, bertan sartu eta egoera normaltzen denean egin ahal izango ditugun gastuetarako bonuak erosteko aukera izango dugu.
Ekimen polita iruditu zait, egoera ilun honetan argi izpirik ere azaltzen da noizean behin.