Horietako bat izan da Frantziako hegoaldeko zenbait hiriburutako alkateek burkini-aren erabilera debekatu dutela. Horren ondorioz zenbait isun jarri dituzte eta jendarmeak ere ikusi ditugu emakume bati zenbait arropa eranstera behartzen.
Horren harira, Florentziako iman batek hondartzan olatuekin jolasean ari ziren mojen argazkia argitaratu du Facebookeko bere profilean. Bere asmoa eztabaida positiboa sortzea zela esan du, eta gogorarazi nahi izan du mendebaldeko zenbait balio kristautasunean daudela erroturik, eta badirela balio horiei jarraituz, ia gorputz osoa, burua barne, estaltzen duten pertsona kristauak.
Egia esan, Frantziako alkate horien jarrera ez zait egokia iruditzen. Askatasunean sinesten dut eta pertsona bakoitzak hondartzarako erabili nahi dituen arropak aukeratzeko askatasuna izan beharko luke, baita biluzik ibiltzekoa ere. Debekuak, azkenean, nahi ez diren ondorioetara eraman gaitzake, muturreko jarrerak indartzera esate baterako.
Burkini-aren erabilera askearen aldekoa naiz, bai, baina beti ere, norberak askatasunean hartutako hautua bada. Emakume batek, musulmana izan edo ez, jantzi hori aukeratzen badu hondartzan erabiltzeko, bere erabakia izan dadila, eta ez bikotekide, guraso edo bestelako batek behartuta, edo inguruan izan ditzakeen muturreko islamdarrek esango dutenaren edo egingo diotenaren beldur.