25.000 saharar etxerik, eskolarik eta ospitalerik gabe gelditu dira. Gertaera gogorra izan arren, egoera katastrofikoa izan arren, gure komunikabideetan oihartzun gutxi izan du albisteak.
Orain dela 20 egun, Aramaion, Jubilatuen Eguna ospatu zen. Saharan gertatutakoa azaltzeko postutxo bat jarri genuen, eta, bide batez, deialdi bat egiteko aprobetxatu: arropak, medikamentuak, jostailuak, mantak, lapikoak… jasotzeko deialdi bat. Jendetza pasatu zen postutxotik interes handia azalduz eta poltsikotik txanponak ateraz Saharako banderaz apainduta zeuden itsulapikoak betez.
Deialdi eguna ere iritsi zen eta Saharako uholdeak elkartasun uholde bihurtu ziren Aramaioko udaletxeko arkupeetan. Hainbat buelta eman behar izan genituen udaletxeak utzitako lokalera, furgoneta behin eta berriz betetzen zitzaigulako.
Ikaragarria izan da Aramaioko herriak emandako laguntza: eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari, batez ere, Cristinari eta Lierniri, hasiera-hasieratik erraztasunak eman dizkigutelako gure nahiak aurrera eramateko; eskerrak baita San Martin eskolari, farmaziako Maiteri, Gazte Asanbladari, kuadrillako bazkaria izan eta sobratutako dirua Saharara bidaltzea erabaki duen kuadrillari, Mireni, Nuriari, Gorkari, Edurneri, Naiarari… eta sahararrak laguntzeko borondatea izan duzuen guztioi.
Mila esker, Aramaio!
----------
Maitane Gomez de Segura
Aramaio