"Gipuzkoa berrirantz"

Erabiltzailearen aurpegia Martin Garitano, ahaldun nagusia 2011ko abe. 31a, 01:05

Urtea amaitzear dagoen honetan, uste dut garaia dela azken hilabeteotan bizi
izandakoari buruz eta datorren 2012ari buruz zenbait aitorpen eta...

... hausnarketa egiteko. Ekin diezaiogun, bada!

Iragan ekainetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuaren ardura Bilduren esku
dago, gipuzkoarrek hala agindu zutelako, eta, aurkeztu genuen gobernuaren
eredu-aldaketaren ezkerreko egitasmoa hautatu zutelako. Zaharraren
eta berriaren artean, herritarrek, gauzak egiteko beste era bat aukeratu
zuten, solidarioagoa, progresistagoa… ezkerrekoa, eta horra hor ekaineko
hauteskundeen emaitzak. Eta baita azaroan izandakoenak ere. Argi eta garbi
hitz egin dute herritarrek, eta guri dagokigu egitasmoa gauzatzea, ametsak
errealitate bihurtzea. Horretan gabiltza Aldundian eguneroko jardunean.

Sei hilabete besterik ez dira igaro, urte luzez beste eredu baten aldeko
gobernuaren ostean gauzak eraldatzeko lanetan hasi ginenetik. Hala, inolako
harrokeriarik gabe baina harrotasunez esan genezake lehenengo urratsak
egin ditugula. Horien artean, hor dugu, PSErekin negoziatu ostean, Aldaketa
Fiskalaren lehenengo urratsa, datorren urtean segida izango duena. Eta
baita hor ere, hondakinen kudeaketa-eredua aztertzeko EAJarekin lortutako
adostasuna.

Hondakinen arazoari irtenbideak emateko zero zabor filosofian joan behar
dugu sakontzen, eta, horretan, ez dugu ahaztu behar, 46 udalek konpromisoa
erakutsi dute. Hondakinak gutxitzea eta selektiboki biltzea, alegia ondo biltzea,
hori da bidea. Erraustegia atzera egitea litzateke, hainbat herritan frogatutzat
eman duten irtenbidea erretzea. Horregatik, arduraz jokatzea dagokigu. Bidea
luzea izango da, baina urrats esanguratsuak emateko garaia dugu eta emango
ditugu. Urtetako hondakin gehiegikeriari konponbidea ematen hasi behar dugu.
Ondorengo belaunaldiei zor diegu.

Bestetik, gure lurraldeko errepideen finantziazioaren inguruan ere
aurrerapausoa eman dugu, PPren bozkak bilduz, eta Batzar Nagusietan,
bidesarien inguruko batzordea osatuz. Eta urtea amaitu aurretik, datorren
2012ko aurrekontuak aurrera adostu ditugu, Aralar eta EAJren ekarpenekin. Ez
da gutxi!

Eta esan beharra dago ere, akordio horiek guztiak guk proposatzen dugun
eredu aldaketari uko egin gabe lortu ditugula, malgutasunez negoziatuz, eta
inoren printzipioei uko egin gabe akordioak egiteko gure estiloa aplikatuz.
Aldaketa lideratu behar dugula uste dugu, baina baita ere besteekin ere kontatu
behar dugula.

Urte berriak horrelako ekarpen baikor gehiago burutzeko aukera emango digu,
baina jakin badakigu erronka zailak parez pare ditugula. Hor dago pairatzen
dugun krisi ekonomiko latza eta baita oraindik horrenbeste sufrimendu sortzen
duen gatazka politikoa ere. Eta biei indar eta konbikzio handiarekin egingo
diegu aurre hurrengo hilabeteetan.

Gertutik ezagutzen dugu langabeziak, prekarietateak, pobreziak dakarten
sufrimendua, antsietatea. Eta gertutik lan egingo dugu, gure indar guztiak

jarriz, eredu ekonomiko injustu eta insolidarioak sortutako egoera jasangaitza
gainditzeko bidean, lehentasunezkoa baita gure bizikideen ongizatea
bermatzea. Hori, arduradun politikooi dagokiguna da. Eta egingo dugu.

Gatazka politikoaz ere hausnarketa egin nahi nuke. Azken hilabeteetan une
oso garrantzitsuak bizi izan ditugu: Gernikako Akordioaren haritik, Aieteko
Bake Konferentzia, ETAren erabaki historikoa… Baina asko falta da oraindik
ere injustiziak sortutako gatazka behin betiko gainditzeko. Ilegalizazioen
garaia gainditu behar da, euskal preso politikoen auzia konpondu, alderdien
mahaia osatu eta, finean, herriari hitza eman. Hori da falta dena eta hor dago
gatazkaren konponbidea, ez beste inon. Behingoz herriari hitza eman, hori
baita herriaren gehiengoak nahi duena, hori baita errespetua, demokrazia,
bizikidetza, askatasuna eta bakea. Hori da guk, Gipuzkoako Foru Aldunditik
nahi duguna, eta bide horretan ere eskuzabaltasunez eta emankortasunez lan
egingo dugu.

Hasieran esan bezala, bidearen lehenengo metroak besterik ez ditugu egin,
baina datozen erronkei ere aurre egiteko prest gaude: ilusioz beterik, gainera.
Ekonomia arloko datuak ez dira baikor sentiarazteko modukoak, baina
industria-ehuna indartuz krisiari aurre egiteko akordio transbersalak bultzatu
beharko ditugu, eta ekonomia produktiboa indartzeko neurriak hartu. Aldaketa
Fiskalean beste urrats berri eta ausart batzuk egin beharko ditugu, elkartasun
sozialean oinarritutakoak, alegia. Eta hondakinen arazoari irtenbide arrazional,
eraginkor eta ekologikoa eman behar diogu. Ez dira, ez, erronka makalak,
ezta bakarrak ere. Hor ditugu, adibidez, Pasaiako badia biziberritzeko egin
beharreko pausoak, edota Kutxabank benetan eraginkorra eta elkartasunezkoa
sortzea eta bermatzea, bidesarien eredu aldaketa, udalen finantzaketa
egoki baten alde egitea eta askok bizi duten ataka zail honetan laguntzea,
jendartearen parte-hartze marko berriak sortu eta sendotzea, gizarte zerbitzuak
ahalbidetu eta bermatzea, euskararen normalizaziorako konpromisoak lortzea,
Aldundiaren egoera ekonomikoa saneatzeko erabakiak hartzea, eta abar. Lan
eskerga dugu egiteko.

Horretan guztian eragiteko etorri gara eta, jada, hasi gara egiten. 2012an,
gehiago egingo dugu. Ilusioa dugu, indarra dugu, konfiantza dugu, eta aldaketa,
egin, egingo dugu.

Urte Berri On guztioi!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak