Besteak beste, irudimena lantzen da, kontzentrazioa areagotu, hizkuntza aberastu, espiritu kritikoa garatu, enpatia sendotu eta, hau gutxi balitz, zientifikoki frogatu da neuronen arteko lotura ere indartzen dela. Denbora-pasa ederra da, gainera.
Bizitzan zehar irakurri dugunarekin, gure izaera osatzen omen da. Irakurritakoa, usainen eta soinuen antzera, gure burmuinean txertatzen da eta gutxien espero duzunean azaleratzen da.
Eskolatik irten, etxera joan eta merienda jaten nuen bitartean, Asterixen liburuak irakurtzen nituen nik haurtzaroan. Aurten, Korsikara joan naiz; ez nuen ezagutzen. Hala ere, banekien korsikarrak burugogorrak direla, herri menditsuak daudela bertan, gaztainak eta gazta oso gustuko dituztela, txerri basatiekin trikits egin daitekeela eta bertako zaharrek bizitza nola pasatzen den begira egotea gustuko dutela. Aspaldi erakutsi zidan hori Asterixek, eta ez zait ahaztu; hor nuen nonbait, ondo gordeta.