Etxera heltzerakoan, gurasoen elkarrizketa hildakoaren inguruan zen eta beti ideia bera azpimarratzen zuten: hildakoa gaztea zen. Anai-arrebok gustura egiten genuen barre, hildakoak demagun 70 urte zituela esaten zutenean. Eskelak informazio iturri ikaragarria dira. Egunkaria zabaldu eta badaude hildakoen zuhaitz genealogikoa egiteko gauza direnak ere.
Gaztaroan, eskelara hurbiltzen nintzen gazteren bat bazen hildakoa, une horretan bainintzen nire etorkizunaren jabe. Gaur egun, berriz , eskela bat ikusten dudanean, ez zait axola gazte edo zaharra den, gerturatu eta normalean bistaz ezagutzen dudan norbait ikusten dut. Orduan, gurasoen elkarrizketa zahar haiek datozkit burura eta konturatzen naiz dagoeneko 70 urtekoak gazteak direla niretzat, baita 80koak ere eta bakarrik 90ekoekin ditut zalantzak, oraingoz.