Honen bitartez udal liburutegiek tasa bat ordaindu beharko dute egiten den mailegu bakoitzarengatik. Errege Dekretu honek sortzaileen egile-eskubideak ordaintzea omen du helburu, askok zilegi dela pentsatuko dute, baina liburutegiak lege horretatik libre izan dira betidanik. Gainera, dirua erakunde kudeatzaileek bilduko dute egileen izenean.
Historian zehar liburutegien funtzio nagusienetariko bat kulturaren demokratizazioa izan da. Ezagutza eta informazioa guztiengan era berean heltzeko eta zabaltzeko (inolako ezberdintasunik kontuan izan gabe) ezinbestekoa izan da zerbitzuaren doakotasuna. Erabiltzaileak ez luke zuzenean ordainduko, baina liburutegiak berak egin beharko lioke aurre gastu berri honi. Honen ondorioz, dagoeneko murrizketa gogorrak jasan dituzten liburutegi askoren etorkizuna kolokan jarriko da, duda barik.
Egile askok jakin badakite merkatuaren legepean bizi iraupen motza edo eza duten liburu askoren benetako bizitza liburutegietan hasten dela. Ez dezagun, ba, ezagutzaren bide garrantzitsu hau itxi. Liburutegirik gabe ez baitago ez iraganik ezta etorkizunik ere.