Ni naizena naiz

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias

Eskubideak aitortzea eta babestea etengabeko borroka da gure historian; sarri askotan, gertaera lazgarri baten ondotik, gainera.

2012ko Trans Legea berritzea ere horrela izan zen; Ekai Lersundi Martinez gaztearen heriotzaren seigarren urteurrenean onartu zen Eusko Legebiltzarrean. 

16 urte zituela bere buruaz beste egin zuen Ekaik. Gurasoen babesa izan zuen, lagunena eta eskolakideena ere bai, baina tratamendua atzeratu egin zioten eta ezin izan zuen egoera gehiago jasan. Horrelakoak saihesteko, legea berritu egin zuten 2024an, eta transen arretarako osasun-gida eguneratzea agindu zuen. 

Hori bakarrik ez. Trans hitzaren erabilera ere orokortzen du eta pertsona transak genero identitateagatik ez baztertzeko eta haien eskubideak aitortzeko agintzen du. Izan ere, Aner Peritzi irakurri bezala: Gauza asko esaten dute gorputzak eta agertzeko moduak, eta ezin dira bereizi esaten duguna, egiten duguna eta esateko dauzkagun moduak. 

Izena duena badela esaten baita, eta horregatik ere gure legea horrela deitzen da: Pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa. 

Ekainean, Espainiako Kongresuak beste urrats bat egin zuen LGTBIQ+ pertsonentzako konbertsio terapia faltsuak zigortzeko. Gezurra badirudi ere, oraindik badelako jendea uste duena ez-bitarra izatea, heteroa ez izatea, gaixotasuna dela eta osatu egin daitekeen perbertsio bat dela. 

Hori guztia gogoan izatea dagokigu herritar guztioi. Are gehiago, azaroaren 29ko hauteskundeetara aurkezten diren eskuineko eta eskuin muturreko hautagaiek transak ere jo-puntuan dituztelako. Ez dute disimulatzen. Hauteskunde-programan beren-beregi jaso dute egingo dutena: Trans Legea murriztu, eta lortutakoa irrigarri utzita, gainera. Feijook esan du “sanchismoaren fribolitate bat” dela legeak arautzen duen “erregistroko sexu-autodeterminazio askea”. Abascalek, ildo berean, esan du “emakume izateak jada ez duela ezer esan nahi, gizabanakoaren borondatez lortu daitekeelako”. Hori gutxi ez, eta emakumeak bortxatzen dituzten gizonek emakume izateko eskaria egingo dutela erregistroan, emakumeen presondegietan sarrarazi ditzaten emakumeei eraso 
egiten jarraitzeko. 

Adierazpen askatasunaren izenean botatzen diren astakeria horiek salatu ditzagun ozen. Ez diezaiegun laga kostata lortutako eskubideetan atzera egiten. 

Sexu edo genero identitatearen autodeterminazio askerako eskubidea daukagu 20.000 erle-espezieok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak