Enpatia

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias

Albertako probintziak, Kanadan, independentziari buruzko galdeketa egin berri du.

Eskualde aberatsa da erregai fosiletan, eta erreferendumaren aldekoek diote aberatsagoak liratekeela Kanadatik bereizita. Hango lehen ministroak kontrakoa iritzi dio; garesti ordainduko luketela. Galdeketaren emaitza ez da independentziaren aldekoa izan.

Kanadaren beste aldean, Quebecen, prest dira independentziaren aldeko beste erreferendum bat egiteko. Independentziaren aldeko Parti Quebecoisek irabazi berri ditu hauteskundeak, eta erreferenduma atzera deitzeko prest dagoela iragarri du alderdiko buruak, baina itxaron egingo duela, Etxe Zuriko maizterra beste bat izan arte.

Kanadan frantsesez sortutako telesail labur bat ikusi berri dugu. Ez dauka zerikusirik independentziarekin –edo bai– edo erreferendumekin. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonen instituzio batean lanean hasten den psikiatra emakume gazte bat –Florence Longpre– da protagonista. Alargun geratu berri da, emaztea eta umea galdu ditu istripu batean; tristeziak jota bizi da. Egoera horretan hamar kapituluetan bizi izaten den istorio bakoitza enpatia-lezio bat da. Horrela deitzen da telesaila, Empathie (Guillaume Lonergan, 2025).

Albertakoa eta Quebecekoa ere enpatiaz begiratu daitezkeen galdetzera eraman nau telesaila justu orain ikusteak. Enpatia ez baita, soilik, zerbaitekin edo norbaitekin identifikatzeko sentimendua; haren sentimenduak partekatzekoa ere bada. Hala dio hiztegiak.

Esango nuke geroz eta ezezagunagoa zaigula gaitasun hori. Ikusi besterik ez dago gure inguruan areagotzen dabiltzan muturreko jarrerak, non adierazpen askatasuna perbertitzeraino iritsi garen. Adierazpen askatasunak gorroto mezuak ere babesten dituela sinestera iritsi gara; adierazpen askatasunaren izenean edozer gauza esan daitekeela.

Baina ez. Ideia guztiak ez dira errespetagarriak. “Errespetatzen dut, baina ez dut konpartitzen” ez da adierazpide egokia. Enpatia erabiliz gero, ohartuko gara ezinezkoa dela gorroto mezuak haizatzen dituztenen alde egitea. Enpatia praktikatzea, hain justu, baita eraso horiek jasaten dituzten lekuan jartzea, eraso horien objektibo direnek sentitzen dutena gure egiteko gaitasuna izatea baita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak