Haren aitzakian artikulugileak planteatzen zuen ideietako bat zen jende askok lanlekuan duen eginkizuna egiteari lagata ere ez litzatekeela igarriko, eta horren jakitun dela jendea. Horregatik ere geroz eta jende gehiagok hartzen duela erabakia enplegua lagatzeko gustuko jardunari ekiteko. Eta behin hori eginda, aurreko lanlekuan baino lan gehiago egin arren, gustura bizi direla. Ze, kontatzen zutenez, badago langile mota bat zeinak lan asko egiten duela dirudien –beren arduradunak horrela sinetsarazita dituztenak– eta, aldiz, benetako lana egiten duenari inolako aitortzarik egiten ez zaion.
Artikuluak bazuen beste adar bat, boomer samarra iruditu zitzaidana. Gazteen inguruan zioen enpleguarekiko, betiko lanarekiko, pentsamendua ez dela haiekin ezkontzen; hori garai bateko mentalitatea dela. Dena ez baita lan egitea.
Jakina dena ez dela lan egitea. Jakina den bezala badirela gustura eta ez hain gustura egiten diren lanak. Eta horretan dena ez dela norberaren gustuko lanean aritzea, baizik eta lan giro ona izatea. Horixe iruditzen zait oinarrizkoa. Ze lana gustuko izanda ere laneko giroa ona ez bada, ez dago egiteko duzun horrekin gozatzerik.
Kontua da hipotesi horien bilduma irakurri dudala oporretarako inoizko gogo gehien dudan sasoian. Eta gogoratu dut gurean ohikoa dela oporretarako planik gabe iristea oporraldia; oporrak atsedenerako hartzen ditugula, egonean egoteko, denbora pasatzen ikusteko. Eta oso gustuko dugula hori, gainera. Eta, hala ere, galdetu diot neure buruari hori txarra ote den. Oporrak ez liratekeen izan beharko urtean zehar egiterik ez duzun zer horiek guztiak egiteko garaia; oporretako planak egiteko sasoia. Baina, badakizue zer? Ez. Oporrak gozatzeko denbora direlako. Eta gurean irabazitakoak bakarrik ez, eskubidea ere badira, eta hori, gaur egun, demasekoa iruditzen zait. Beraz, aukera duenak goza ditzala.