Zorrotza zen, zuzentzaile moduan; horrekin akordatzen naiz, baina majoa zela ere bai, gure adinean ironia zerabilen irakasle gazte bat kalifikatzen asmatzen ez bagenuen ere. Baina bai, maisu Jon, ikastolan izandako euskara irakaslea, perspektibaz begiratuta, irakasle ona izan zela esango nuke; eta gerora ere euskara ikasten jarraitzeko sua piztu zidala.
Etxean euskaraz ez, eta eskolan euskaldundu nintzen; eta, suertez, euskaraz sozializatu, gure herrian hainbat bider gertatu den eran erdaldunen seme-alabekin, izan gurasoak jatorriz espainiarrak izan pakistandarrak.
Eskolatze guztia egin nuen euskaraz, derrigorrezkoa eta hautazkoa. Eta unibertsitatea amaitutakoan lanean hasita –EGA, jada, Bergaran lortuta–, atzera euskara eskoletan hasi nintzen: Arrasate Press-en, lehenengo ikastaroa.
Gero, Durangaldean Anboto astekaria zuzentzen nenbilela, Eibarrera joaten aritu nintzen, Markeskuara, UEUk antolatutako idazketa ikastarora; eta beti, hori ere suertez, zuzentzaileak izan ditut inguruan.
Euskara, gerora ikasten den beste edozein hizkuntza bezala, landu egin behar den hizkuntza delako.
D eredukoa naiz ni; eta zail egiten zait irudikatzea herri, ingurune eta giro euskaldunean bizitzeko aukera izan ez banu D eredua nahikoa izango zitekeen nire euskalduntze prozesuan.
Garbi daukat oinarria euskaraz eskolatzeak jarri zuela, baina argi dut ere nire inguru euskalduna izan zela prozesu hartan baliozkoena.
Hau dena etorri zait gogora asteotan lan kontuengatik bizitzea tokatu zaidan unibertsitatera sartzeko proben Euskara azterketetako emaitzen harira.
Geroz eta zailagoa da nik izan nuen zortea izatea, eta horregatik ere geroz eta lan neketsuagoa dute D ereduan euskalduntze prozesuan ari direnek; are latzagoa, inguru ez-euskaldunetan bizi diren A ereduan eskolatutakoek.
Ezinezkoa da pentsatzea euskara azterketa bera eginda emaitza berdintsuak izango dituztela. Ez da oso argia izan behar ohartzeko akatsa ez dela zuzentzaileena. Arazoa erroan dagoela; A ereduan. Lagun batek gogoratu bezala, erregea biluzik zegoen.