Migratzaileen argazkiekin osatu du, haien historiekin. Edukiontzi batean sortu eta garatu du museoa; proiektu ibiltaria da, eta orain gutxi Bilbon izan da. Tamalez, ez nuen ikusterik izan, baina irratian entzun nion, elkarrizketa atsegin eta egoki baten. Deigarria egin zitzaidan migrazio motibazioaren aniztasunari buruz nola aritu zen, batzuei beste batzuei baino balio gehiago ematen diegula azpimarratuz; finean, denak direnean bizi-historiak, berdin garrantzitsuak, berdin aintzat hartzekoak. Eta ulertu nuen behin hori gaindituta lekualdatzeez aritzea errazagoa zaigula, baita migrazio mugimenduei atxiki diegun zer negatiboa gainditzeko begirada sortzen dugula ere. Migrazioa ere badelako landa-eremutik hirira lekualdatzea; erkidego baten baitan probintzia batetik bestera joatea; edo baita hiri handi batean auzo batetik bestera mugitzea ere. Migrazioa ez delako beharrak bakarrik eragindakoa; izan badelako pribilegiotik egindako migrazioa ere.
Ikuspegi horrek ematen digu aukera espektroa zabaltzeko eta ohartzeko, gehiago edo gutxiago, denok garela migratzaileak eta gutariko askok egin dugula lekualdatze horrekin beste bizi-aukera batera jauzia. Gure etxean aitona-amonek ekin zioten prozesuari, Extremaduratik Euskal Herrira migratu zutenean. Orduko hura beharrak bultzatua izan zen; aukera hobe baten bila etorri ziren; lan egiteko aukera baten bila, familia aurrera ateratzeko helburuarekin. Gauzak zer diren, elkar ezagutzen ez zuten oso gertu dauden bi herriko familiak ziren aitarena eta amarena, eta lekualdatze-prozesuari esker ezagutu zuten elkar urte batzuk geroago. Are gehiago, euren familiak lekualdatu izan ez balira, nirea historia izan ordez desistoria litzateke, seguru.
MMMren sortzaileak zioen, hain justu horregatik ere, haiek hartu zuten erabakiagatik eskerrak eman behar dizkiegula; haiek hartutako erabakiagatik gaudelako gauden lekuan. Eta hala da. Haiek eman ziguten aukera guk gero gure lekualdatze prozesuari ekiteko, gurea, nirea, beharretik barik pribilejiotik izan zen arren. Hori ere bada Das artistak aipatzen duena, guztiek ere, azken batean, migrazio istorioak osatzen dituztela.