… Ez nago han, joatean neuk lagatako haragi marka da, bueltan nire lekua zein den jakiteko utzia…
Itzulpen librean aritu naiz, haren doinuera entzunda, eta atera zait:
Tik-tak, zenbat denbora da?
Tik-tak. Pasa da.
Tik-tak, atzera begira.
Tik-tak. Hainbeste joan da?
Ezin izan diot eutsi, eta altxatu egin naiz kontzertuetako sarrerak paperezkoak ziren garaiko kutxaren bila. 1993a. Maiatzaren 1a. Oraintxe ohartu naiz datarekin!
3.000 pezeta. Anoetako Belodromoa. Donostia. Bon Jovi eta artista gonbidatua.
A ze kontzertua biena! Eta a ze gau ederra! Betiko geratu zen kontzertu hura lotuta berarekin. Nebak bidali dit mezua eguerdian, eta tik-tak… denboran atzera egin dut berehala.
Antzuolatik Donostiara goaz; emozionatuta, pozik, zarataka. Gidari: Azkaate!
Aurrean egon nahi genuen; lehenengo lerroan. Ez ginen-eta batere garaiak joan ginenak. Bera ere ez. Eta topatu genuen modua. Texas (talde gonbidatua) Belodromoko aldapa okerrera igota ikusi genuen. Baina Bon Jovi gertutik ikusi nahi genuen. Melena moztu berri zuen eta ikusi beharra geneukan, eta Azkaatek hartu zuen lekua: kontzertuetako kableak estaltzen egoten den estalkitxoaren gainera igota –eta, artean, hanka-puntetan–.
Txikia iruditu zitzaigun, baxutxoa. Han aritu ginen Joseba eta biok, “¡metro y medio!” deiadarka baten.
Di-da begiratu dut sarean eta… nik neuk baino 15 zentimetro gehiago ditu! Igual, Azkaate bera baino altuxeagoa ere izango zen, baina…
Eta ze guapo ikusi genuen! Hori ere bota genion, txandaka, berak lehenengo, nik gero, atzera berak… "¡Guapo! ¡Metro y medio!". Eta… lotsarazi egiten nauen : "¡Culobonito!". Hori ere oihukatu genion!
Irribarre batekin ari naiz gogoratzen. Hainbeste urte pasatu eta gero, oso gogoan daukat kontzertu hura. Oroitzapen horixe partekatzea otu zait Josebaren heriotzaren berri izan dudan egunean.
Nork esango zigun, Azkaate, hainbeste urteren ostean, Lorcak idatzitako poema berri zahar batek ekarriko gintuela hona; baina, Bon Joviren orduko bira gogoan: Keep the faith!
Besarkada estu bat lagun eta senideei!