Gerrari ez!

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2026ko martxoaren 16a

Espainiako presidenteak adierazitakoarekin bat egiten dut. 

Konbentzimenduz egin ere. Intsumisoen mugimenduan aritu nintzen buru-belarri aurreko mendean. Herriko mutil lagun guztiak, edo ia denak, egin ziren intsumiso; batzuk preso eraman zituzten derrigorrezko soldaduskari uko egiteagatik, eta espetxean ere izan zituzten. Zergatik eta, ez zutelako nahi armadarekin kolaboratu. Antimilitarismoak sasoi ederra bizi izan zuen garai hartan. Lastima, gero, Alderdi Popularraren eskuetan zegoen Espainiako Gobernuak –Aznarren gidaritzapean– derrigorrezko soldaduska bertan behera laga zuenean gainbehera egin zuela intsumisoen aldarrikapenak, eta ez genuen antimilitarismotik indar hari eusten asmatu. Hala ere, sinetsita nago desobedientzia zibilaren mugimendu erraldoi hark utzi zuela gure herrian oinarri sendoa behin eta berriz gerraren kontra agertzeko. Horregatik nioen oraingoan bat egiten dudala Pedro Sanchezek adierazi zituen lau berba haiekin; euskaraz bi baino behar ez diren arren. Eta irmoki eutsi beharko genioke gerrari ez! leloari, Ameriketako Estatu Batuek Iranen kontra hasitako gerrak azkartu egin ditzakeelako defentsa bateratua sustatzeko Europaren planak. Orain baino lehen ikusi dugu: Ukrainaren kontrako Errusiaren inbasioaren ondotik, Europako estatu kide guztiek handitu egin dute armagintzarako aurrekontu publikoa –218.000 milioi eurotik 400.000 milioi eurora igaro da 27 estatukideen ekarpena industria horretan–.

Ezin dugu normalizatu armagintzan inbertitzea gatazka belikoen soluzio gisa. Bakeak ez ditu armak behar, bakezaleak behar ditu; are gehiago, faxismoaren gorakada bizi dugun garaiotan. Gure esku dagoen indar eta argumentu guztiekin egin behar diogu aurre; ez, ordea, armekin. Beldurra eragiten ari zaizkigu eta delako eraso bati aurre egiteko defentsarako neurriak hartu behar direla sinetsarazi, armagintzan inbertsioak egitea normalizatzeko, diru publikoaren erabilera ankerra logikoa dela barneratu dezagun. Baina ez; nire izenean ez. Ni ez nago prest gerra egiteko; bai, ordea, borroka egiteko giza eskubideen alde. Ez al dugu zientoka bider abestu: bakezaleak gara, bakea nahi dugu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak