Hala egiten dut iluntzero. Telefonoz amari deitu. Pandemia garaian hartutako ohitura da. Aurrez aurre ikusteko eragozpenak bultzatuta hasi nintzen, eta, harrezkero, despisteak despiste, egunero.
5, 10, 15, 20… Egunaren arabera aldakorra da minutu kopurua, eta elkarrizketa. Egin dugunaren arabera izaten da, batez ere. Osasun kontuengatik ere luzatzen dira, tarteka. Ez dauka telefono deiak aparteko arrazoirik; kasu egitea, eguna zer moduz joan zaien galdetzea. Baina elkarren berri izateko balio digu deiak. Bueno, eta aktualitatearen errepasoa egiteko. Horretarako ere baliatzen du amak. Berak laburbiltzen dizkit eguneroko titularrak –kazetari lana egiten du–. Eta horrela eguneratzen ditut Espainiako politikagintzan izaten dituzten ika-mikak. Partea amaituta, amak errepikatzen du lotsagabe hutsak direla, beti aritzen direla xextran eta hobe luketela euren lana egingo balute. Tarteka, norbaitekin errukitu egiten da; batez ere, oso argi ikusten duenean marra gorri guztiak gainditu dituztela norbaiten kontra. Baina hori ere hainbestetan errepikatzen da ze, aspaldian ez dio inork penarik eman.
Azken hilabetean, ordea, titular bat igarri dut faltan errepasoan. Segurutik, aktualitate izateari utzi diolako. Gazaz ari naiz. Trumpek iragarritako sasi-bakeak isilarazi egin ditu kazetariak, komunikabideak, gobernuak, erakundeak, herri mugimenduak… Ez da hainbeste denbora, Gazaren aldeko eta Israelen kontrako aldarrikapenak nagusi ziren denean. Egunero genituen Palestinako kazetariak gure albistegietan hango berri ematen. Baina ahaztu egin ditugu. Lehenengo lerroburuetatik ez ezik, bigarren eta hirugarrengoetatik ere desagerrarazi ditugu. Irakurri nuen azken titularrak zioen Israelgo armadak kalkulatu duela 70.000 palestinar hil dituela Gaza inbaditu zutenetik; orain arte ukatu egin duen zenbakia. Gazako Zerrendako osasun agintariek ematen zuten zenbaki hori. Eta guztiak ikusi genituen hiltzen zuzenean gure pantailetan. Ume, andre, gizon, gazte, heldu, zibil, kazetari… Baina ahaztu egin zaigu, bonba gutxiago bota arren, Zerrendak suntsituta jarraitzen duela, milaka eta milaka pertsona baldintza pentsaezinetan ari direla bizirauten, aterperik, urik, mantarik, etxerik, jatekorik, eskolarik… gabe. Baina aktualitatea oso bizkor doa eta interes-puntuak ere mugitu egin dira. Groenlandiakoa ere amak kontatu zidan.