Robe, agur eta ohore

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2026ko urtarrilaren 19a

Robe Iniesta zendu dela eta, gogora etorri zaizkit gaztetako lagunak eta baita Extremoduro izango dela Extremadurarekin izan dudan loturarik sentituena, gurasoen jaioterria izan zen arren.

Mezu hori idatzi nuen Mastodon sare sozialean Roberen heriotzaren berri eman zutenean. Harrezkero, bueltaka ibili natzaio hari. Garai hartako une asko etorri zaizkit gogora: kuadrilla, San Jose, Gaztetxea, Saloura egindako gurasorik gabeko lehen oporralditxoa, Intsumiso Egunak, Mox taberna… 

Zenbat buelta eman ote genion Deltoya diskoari! Eta Jesucristo Garcia abestiari? … me resucito si me hago un canutito. Soy Evaristo, el rey de la baraja… Zenbat bider abestu ote genuen. Zuek ere gogoratzen zarete? ¿Dónde están mis amigos? 

Baina, batez ere, Agila (1996) diskoa: So payaso y me tiemblan los pies a su lado. Me dice que estoy descolori'o, La empiezo a besar, A ver qué me dice después edo Y me siento mejor! Si sé que tengo una estrellita pequeñita, pero firme!

Anaiak zuen Agila diskoaren biniloa. Azal koloretsua zuen; gorri-fuksia moduko zerua, eta erdian desertu bat eta bertatik ateratzen gizontxo bat. Ramon Ramonek sortu zuela ere irakurri dut; Malagako Modermain taldeko kideak.

Orain jakin dut agila berbak ernatu, iratzarri esan nahi duela Roberen eskualdeko dialektoan; Extremaduran. Eta itzuli naiz hau idaztera bultzatu nauen lehenengo pentsamendura; alegia, gurasoen arbasoak, eta eurak sortzez ere hangoak direla eta ez dakidala ezertxo ere hango lurraldeaz. Inoiz ez dugu pueblorik izan, eta amaren zein aitaren senideak ere euskal herritartu zirenez –garai hartan milaka eta milaka extremadurarrek egin zuten eran– ez dugula izan etxean harako joerarik. 

Urte mordoa igaro da harrezkero, baina garai haiei lotuta geratu da nire oroimenean betiko Plasenciakoaren taldea. Ez alferrik, une haien guztien soinu banda izan zen Extremoduro; Antzuolako kuadrillako askoren taldea.

Lotzen ditu nire memorian gaztaroko lagun eta bizipenak, gaztaroko esnatze eta ernatzea. 

Horregatik izango da, agian, Extremadurarekin dudan loturarik sentituena dela Extremodurok utzitakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak