Zabaldu memoria

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2025eko azaroaren 28a

Hemen bertan irakurritako frankismoaren inguruko erreportajeko adierazpen biri bueltak ematen aritu naiz egunotan.

Lehenengoa memoria historikoa osatzeko egindako lanaz ari zen; kontatu ez dena azaleratzeko egindakoaz; ezkutuan eta isilean askok hilobiraino ere eraman zutena berreskuratzeko garrantziaz. Horretaz badaki zerbait Juan Ramon Garaik: "Gure lanagatik izan ez balitz, frankisten egia soilik egongo litzateke jasota". Eskertzekoa da Intxorta 1937 kultur elkarteak urteetan gure herrietako, bailarako, historia berreskuratzeko egindako lana. Bere garaian isilarazi zena eta kontatu ez zena bilatu, jaso eta azaleratu egin dute, gertatutako hura, galtzailearen begietatik ere, ezagutu beharra dugulako. Hari zor zaiolako memoria. Bestela, frankismoak nahi izan zuen moduan, garailearen egia baino ez delako ezagutzen, eta hari ez zaio inondik inora interesatzen garaituaren inguruko irudi onik zabaltzea. Hain justu, urte luzez hori egiten saiatu zirelako hartzen du zentzua erreportaje berean Hedoi Etxartek zioenak: "Gertatutakoaren transmisioa egin ezean, arazoak izango ditugu". Ezagutzea dagokigula zerk ekarri gaituen hona; nola jaso dugun gertatutakoaren berri; kontatu diguten hori errelato osoa den ala osatzeko dagoen. Eta beharrezko zaigu ariketa hori etengabe egitea; are gehiago, igaro berri den urteurrenaren aitzakian ikusi eta entzun ditugun adierazpen eta iritziek erakusten baitute zein erraz zabaltzen diren egia ustelak. "Francorekin hobeto bizi ginen" inoiz atzera entzungo zenik ere! Baina horraino ere iritsi gara. Hamaika arrazoi daude horren atzean: jendearen gogaitzea –politikaren espektakulu lotsamangarria tarteko–; frustrazioa bideratzen zein ondo asmatu duten neofrankistek; errua beti bestearena dela, kanpokoarena, desberdinarena, liberazio modura erabiltzeko joera erraza; eskolako historia irakasgaian XX. mendea ez irakasteak, bati ez zaiolako interesatzen hartaz aritzea eta besteari beste hartaz...

Baina, aizue, Gorka Urbizuk kantatu digu: Gauzak ez dira horrela; gauzak horrela daude. Eta serio hartu ezean, gurekin ez doala pentsatuta, harrapatu egingo gaitu olatuak, eta gainetik pasa eta gero...

Gero zer datorren zain egon barik, egin dezagun gure esku dagoena; bakoitzak ahal duena; baina ez presidente espainiar txiki ohi batek agindu bezala, baizik eta gure buruari emandako joko-arauak zainduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak