Sareak eta sareak

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2025eko azaroaren 6a

Uztailean, Kyle Chayka kazetariak New Yorker aldizkarian kontatu zuen susmoa zuela lagunen geroz eta mezu gutxiago ikusten zituela sare sozialetan.

Garai batean baino gertakari eta argazki gutxiago partekatzen zirela sareetan. Izatekotan, talde txikiagoetan partekatzen ditugula gure kontuak. Chaykaren arabera, sareak ez dira hain sozialak eta zeharo merkantilizatutako edukia kontsumitzeko leku bilakatu dira.

Lagun talde batean galdetu dut ea guk ere egiten ote dugun hori; ea guk ere bizitza pribatuaz gutxiago publikatzen dugun sareetan, eta talde pribatuak erabiltzen ote ditugun zer horretarako. Lagun batek aipatu du seme-alabek orain ez dutela garai batean beste argitaratzen Instagramen. Beste bat harago joan da eta esan du kontzeptualizazioan egon daitekeela mugimendu interesgarria. Web 2.0ren garaian erosi genuela komunikazioaren demokratizazioren diskurtsoa, baina igaro garela "edonork bere istorioak konta ditzake hartatik influencerrek menderatutako esparru batera". Horren harira, Marta G. Franco hacktibistak Las redes son nuestras liburuan dio sinetsi egin genuela plataforma horiek gureak zirela, hitz egiteko, ikasteko, lagunak egiteko eta politika egiteko balio izan zigutela garai batean. Aldiz, orain, "Silicon Valeyko pijoak eskuin muturraren eskutik doazela", baina, finean, berberak direla eraisten ari den munduari eutsi nahi dioten "mundu zaharreko neoliberalak, justizia sozialari, feminismoari, arrazakeriaren kontrako mugimenduari, aniztasunari eta justizia klimatikoari erantzuten". Bota gintuzten Twitter, X eta enparauetatik, lapurtu zigutelako gure egin genuen espazio, ustez, librea. Eta engainatu egin gintuzten beste zer harekin ere: kontsumitzaile izatetik prosumer izatera igaro ginela, gure iritziekin produktuei balio erantsia ematen genielako.

Finean, denek helburu bera zuten: gu erabiltzea, gure datuez baliatzea, gure ingurunea moldatzeko ustez gustuko dugun horretara –erabakiak eurek hartzen dituzten arren–, jakin arren klik bakoitzarekin sortzen ditugula desiotzat jotzen ditugun behar berriak.

Bada, sare sozialetan hau ikusi dut: Oxford unibertsitateko antropologo eta eboluzioaren biologo Robin Dunbarrek egindako ikerketa baten arabera, emakume lagunekin elkartzen diren emakumeek serotonina maila altuagoak dituzte, lehenago osatzen direla eta sistema immunologiko indartsua daukatela.

Like eman diot, eta badakizue zer? Desio berri bat piztu zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak