Adimen liluratua

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2025ko urr. 3a, 00:00

Egunkari batean hasi berri den kazetari gazte bati entzun nion ChatGPT Premiumera sarbidea eman diotela lan egin dezan.

Egunero zazpi artikulu idatzi behar ditu, eta bere arduradunek pentsatu dute ofizioa modu horretan hobeto ikasiko duela, edo egingo duela; edo, beste barik, orriak betetzeko balioko diela gailuak.

Sotilagoa izan da beste ezagun bat; antza, albisteak azkarrago idazten laguntzeko tresna berri bat aurkeztu diete erredakzioan. Denbora urre bihurtu den garaiotan, zer hobeto lana denbora erdian egitea baino! 

Kontua da A zein B planteamenduen emaitza berbera irudikatzen dudala: letra-juntagailua martxan jarriko duten arren, informazioaren kalitatea bermatzea hirugarren mailan geratuko da.

Baina, tamalez, horretan ari dira kazetak; eta, jakina, horri kazetaritza deitzea gehitxo iruditzen zait. Adimen artifiziala entrenatzeko erabiltzen den datu mordoa egiletza eskubideak errespetatu barik egiten ari dira multinazional teknologikoak, eta sortzen duen delako informazioa, kasu gehiegitan, egiaztatu bakoa da. Hala ere, txundituta gauzka ChatGPT, Gemini edo dena delako adimen artifizialak. Haren azkartasunak gure lana erraztuko duela iritzita, bestelako eginkizunetan aritzeko aukera emango digulakoan. Baina jakin badakigu geure buruari tranpatan gabiltzala; ekoizpena biderkatzea ezin da helburu izan kazetaritza eta informazioa egoki lantzeaz ari bagara. 

Egia da izan badirela komunikabide batzuk egiaztatutako informazioa zabaltzetik oso urruti aritzen direnak. Duda sortzea eta kezka eragitea bilatzen dute, beti amarillismoan sartuta. Baina horiek identifikatuta izan ditugu, estiloa berbera izan delako beti. Orain, ordea, benetako informazioen itxura duten albistez osatutako agerkariez ari gara. Mugikorrekin geroz eta errazago egiten dizkiguten iruzurren tankeran, sasi-albiste horiek ere benetakoen itxura daukate, eta kontatzeko modua ere kazetarion estiloa imitatzen dute; ez alferrik, sarean dagoen informazio guztia eta milioika artikulu dituzte entrenatzeko eta imitatzeko.

Berriro ere informazioa boterea da; oraingoan, ordea, iruzurretik bereizteko gaitasuna izatea da boterea; are gehiago, adimen artifiziala modu arduratsuan erabiltzea baino errazagoa zaigunean jolaserako erabiltzea. Horren harira, gustatu zait Kaliforniako unibertsitateko Stuart Russle ikerlariak egiten duen alderaketa: abiadura bizian dabilen balaztarik eta bolanterik gabeko automobil bat izatea modukoa da adimen artifiziala gaur egun. 

Ezin argigarriagoa. Baina honetan ere multinazionalek eta muga lausoak jartzen dizkieten gobernuek ez dute nahi guk, herritar xumeok, behar besteko gaitasunak garatzea tresna hori egoki erabiltzen ikasteko. Nahiago gaituzte liluratuta, fotomuntaketa, ahots sintetiko eta bestelako ilusioekin entretenituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak