Keinu bat

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2025ko ira. 5a, 00:00

Keinua, imintzioa, aierua: Gorputzaren, eta, bereziki, aurpegiaren edo eskuen higidura, barne egoera edo nahiren bat adierazten duena, dio Euskal Hiztegiak.

Barne egoera edo nahiren bat adierazteko keinua. Horren beharra daukagunean zaila izaten da gogoari eustea. Aspaldi honetan, ordea, gutxitxo iruditzen zaizkigu, gutxiegi dira, egiten ditugun keinuak, adierazten ditugun nahiak, nahikoak ez direlako. Ari naiz Gazako sarraskia, gazatarrak, zisjordaniarrak, palestinarrak erailtzen eta gosez hiltzen lagatzen dituen nazioarteko kide izateaz.

Lan kontuak direla eta, jarraitzea tokatu zait abuztuaren hasieran Hiroshiman egin zen Bakearen Aldeko Unibertsitate Errektoreen biltzarra. Adierazpen bat sinatu zuten hamaika errektorek; tartean, gureak, Euskal Herriko Unibertsitatekoak. Keinu bat.

Gozamenerako, tokatu zait opor hauetan hainbat kontzertutan gozatzea, eta han beharra sentitzea oihu egiteko, ozen eta ehunka ahotsekin batera esateko: "Free, free, Palestine". Keinu bat.

Sare sozialetan ikusi izan ditut zientoka, milaka, traol eta mezu; denak ere, Palestina aske edo Stop Genozide. Eta nik ere erabili ditut eta idatzi ditut hainbeste bider. Keinu bat.

Telebistaren aurrean, beti jateko edo afaltzeko orduan, alegia, beti ahoa beteta, ikusi ditut eguna joan eta eguna etorri herritar palestinarrak goseak, jatekoa eskatzen, lapiko zaharrak, zartatuak, eskuetan, negarrez, oihuka, desesperatuta. Etxean elkarri begiratu diogu eta negargura eta nazka sentitu ditugu, aldi berean. Keinu bat.

210 kazetari baino gehiago erail ditu Israelgo armadak Gazan. Ez dituzte nazioarteko kazetariak sartzen uzten eta bertakoez libratzeko erailketa sistematikoak ez dauka amaierarik. Mugarik Gabeko Kazetariek mundu mailako mobilizazioa deitu dute sarraskia salatzeko; 50 herrialdetako 200 komunikabidek baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin. Keinu bat.

Eta jarrai nezake, genezake, keinuak zerrendatzen. Asko garelako beharra sentitzen dugunak adierazteko nahikoa dela; honek ez duela zentzurik; Mendebaldeko gizarteko kide legez ezin dugula ezer egin barik segitu. Txikiak, sinbolikoak eta orain arte, bederen, eragin bakoak izan arren, Axularrek zioen: "Batzuetan, gehiago egiten du kheiñuak mihiak baiño".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak