Utopia antzuak

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias

Jantzi-denda batean probagelatik atera naiz, gustuko gona eta alkandora aldean, dendakoaren iritziaren bila –laguna dut eta beti aholkatu izan nau egoki–, eta andre bat ari zaio hari hizketan.

Hasita zegoen elkarrizketa, baina mudantza batez ari zen. Etxez aldatu den azkenekoan liburu asko atzean laga behar izan dituela. Pena eragiten diola erabaki hura hartu behar izateak. Are, etxea erosi zionak lasai egoteko esan omen zion etxe berrian lekurik ez eta liburuak utziko zituela esan zionean; berak botako zituela edukiontzira. Gizonak esandakoak are gehiago asaldatu zuela. Liburuak bota? Nola botako dituzu barren liburuak?! Jarraian, baina, esan zuen liburuak, hain gustura irakurri zituenak, saltzeko eman zituela. Bigarren eskuko denda batera eraman zituztela, merke oso saltzeko, baina bigarren irakurraldi bat izango zutela, gutxienez. Hala ere, ez zegoen hartutako erabakiarekin oso konforme. Liburuak salbatu zituen arren, galdu egin zituela zioen; sentsazio hori zuela, behintzat. Nola esan... "Nireak ziren", aipatu zuen. Eta halako batean esan nion: "Bai, oro har, asko kostatzen zaigu gurea den horretaz gabetzea". Sortzen dizkiogu geure buruari halako premia batzuk zeinek eramaten gaituzten objektuen zerrenda amaigabe baten jabe izatera, edo izan nahi izatera. Hala ere, liburu bat eskuratzeko gomendioa egin nion: Layla Martinezen Utopía no es una isla. Esan banion esan nion. Lotu zuen jabetza eta utopiaren ideia eta gogoratu zuen gaztetako lagun bat. Dena zuen: lana, etxea, gaztetasuna, familia ona –uste dut diruduna esan nahi zuela–, etorkizuna... Baina dena atzean lagata, Kubara bizitzen joatea erabaki zuela, bere ametsaren bila. Eta ez zela itzuli gogoratu zuen. Eta orain dela gutxi han hil dela gehitu. Eta, baietz, lotuegi gaudela gure gauzetara, gure objektuetara, eta horrek ez duela beti zoriontasuna ematen. Bere gaztetako lagun hark jakin zuela.

Bai bera eta bai ni poltsa banarekin atera ginen dendatik, poz-pozik; armairuan behar ez ditugun trapu berriak eskegitzeko ilusioarekin. Hark andreak esan zuen bezala, horixe delako egin dugun hautua, geure buruari premiak sortu eta horren bueltan jardun, munduan pasatzen ari dena gertatzen ariko ez balitz legez. Gure zilborrari so eta utopia antzuetan trabatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak