Bake santua

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias

Eskerrak arin egin duten; aita saindua aukeratzea, diot.

Egun bi, eta kito. Ba, oso ondo. Gauza askoz ere pertinenteagoak ditugu konpontzeko. Beharrezko zaigu zentratzea, ze nik dakidala aita sainduak ez du konponduko urgenteena zaigun auzia.

Ez dut uste Gazako herritarren kontrako genozidioa eteteko gaitasuna duenik. Ez dut uste Israelgo Gobernua konbentzituko duenik Gazako herria suntsitzen utz dezan, bonbak jaurtitzeari laga diezaion.

Israelgo Gobernua ari da Palestinako herritarrak akabatzen; eta ez, Israelgo Gobernuaren kontra jotzea, Israelgo Gobernuaren aldeko jarrera salatzea, ez da antisemita izatea, askok ulertarazi nahi diguten moduan. Israelgo Gobernuak palestinarrekiko –indarkeriarik bortitzena erabilita– adierazten duen gorrotoa salatzea ez da herritar juduen kontra egotea. Izatekotan, antisionista izatea litzateke; batez ere, babes ezina delako norberaren herria eraiki nahi izatea bestearena suntsituz. Beraz, Palestinaren alde egitea ez da juduen kontra egitea. Are gehiago, kontua ez da erlijiosoa, erlijioek beldur handia ematen didaten arren; ez alferrik: gure mundu hau ezagutzen dugunetik, erlijioagatik gerra asko egin dira.

Baina ez, hau ez da erlijio kontu bat. Are gehiago, katoliko kristauak euren lider berria nor izango zen Vatikanora begira egon diren bitartean, judaismoaren, kristautasunaren eta islamaren sorlekua txikitzen jarraitu du Israelek, palestinarrak desagerrarazi nahian eta euren estatu sionista handitzeko asmotan.

Baina aizue, nork daki! Agian, estatubatuar bat aukeratu izanak Vatikanoko agintari berri balio dezake zubi-lanetarako, eta, Israelen aliaturik handiena den Ameriketako Estatu Batuetako agintari maximoa herrikide izanik, igual, ikusarazten dio San Petri plazan adierazi duena ulertzen: "Jainkoak gizaki guztiak berdin maite ditu".

Beste kontu bat izango da ados jarriko ote diren zein jainkoz ari diren. Lehen nahikoa gerra ez, benetako jainkoa norena den erabakitzen, eta euren burua jainkotzen duten gizontxo boteredun asko gehitu baita lehiara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak