Harrapatu denbora

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2025ko urt. 10a, 00:00

Ez dugu Zager eta Evansek 1969an abesten zuten 2525. urtea, baina hasi duguna kanta hark deskribatzen zuen zerrendara gehitu daitekeela iruditu zait.

Batez ere, Nebraskako bikotearen letrak ohartarazten zuelako giza espeziea suntsituko zen etorkizunaz; gizakiak berak sortutako berrikuntza teknologikoez eta osasun berrikuntzez abesten zuten orduko hartan. Eta, urtea hasi dugunez amaitu moduan, alegia, Elon Musk aginduak ematen AEBetako Trump presidente berrautatuari, Zager eta Evansen abestiaren doinua darabilt bueltaka denbora guztian. Orain, gainera, Mark Zuckerberg Meta multinazionalaren zuzendariak iragarri du berak ere egiaztatzaileak kenduko dituela, X sareak egin zuen eran. Dioenez, adierazpen askatasunaren izenean egingo du. Alegia, ultraeskuin, negazionista eta gainerako korronte beldurgarri horien adierazpen askatasuna bermatzeko. Ni, badaezpada, hasi naiz Marta G. Francoren Las redes son nuestras irakurtzen.

Izan ere, ez nuke ezkorra izan nahi 2025. urte hasiera honetan. Azken batean, hasierak beti izaten dira itxaropenerako, asmo onetarako, parada. Oraindik ez dut hartu astia asmo berriak zerrendatzeko; urte berriko desioen artean badago asmoa. Baina ez dugu dena antolatu beharrik, ezta? Inprobisazio, sorpresa, ezusteko edo istripuei ere laga behar zaiela leihotxo bat zabalik, ala?

Annie Ernauxen Neska baten memoria liburua irakurri dut Gabonetan. Berak dioen moduan: "Mahai-inguruko parte-hartzaile guztiak museoetara joan dira berehala, eta ni North Finchleyra, nire iraganeko bizitzara. Ez naiz kulturala; gauza bakar bat axola zait: bizitza eta denbora harrapatzea, ulertzea eta gozatzea".

Eta horixe egin nahi nuke nik ere 2025 borobil honetan: bizitzea, egunerokoan gozatzea, partekatzea, ilusionatzea, harritzea… Urte amaieran, esaterako, nire nebak harritu nau: bere margolanen lehenengo erakusketa jarri du; zaletasun berantiarrari heldu dio, gogotik heldu ere, eta sekulako esku ona daukala erakutsi digu. Amak dioenez, umetan ez zuen batere margotzen. Orain, baina, urmargoan espezializatu da eta erreferentziazko margolaria ere badu. Hari ikasi dio eta bere egin du teknika eta estiloa, eta bere begirada islatzen ikasi du, argia erakusten. Bere margoetako pertsonaiek zintzoak dirudite, transmititu egiten dute, mundu zoro eta aldrebes honetan bakarrik ez gaudela gogorarazten dute. Eta uste dut hori dela, finean, hasierari ekitea; beste urte batez martxan jartzea eta ingurukoak ahaztu barik bizitzea. Gozatu 2025a.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak