Rebeca

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2024ko api. 19a, 00:00

Rebeca Huayta ezagutu dut. 

Tamalez, jada hilda zegoela ezagutu dut. Zehatzago esateko, erail egin dutelako izan dut bere berri. Bikotekide zuenak hil zuen. Herri epaimahaiak erabaki duenez, ankerkeriaz hil zuen, ahalik eta min gehien eragiteko asmoz. Izan ere, labainkadez gain, kolpatu egin zuen, itotzen saiatu zen eta erdi hilda zegoela lurrean botata laga zuen, odolusten.

Hilketa leporatuta atxilotu zuten gizonezkoak aitortu egin zuen Rebeca hil izana. Udaltzainei deitu zien berak horixe esaten. Baina aurretik lagun bati deika ibili zen, lagundu ziezaion gorpuarekin. Epaiketan ez da oso argi geratu zehazki lagunari zer eskatu zion; zer egingo zuen galdetu omen zion eta hark poliziari deitzeko, besterik ez zegoela egiterik esan omen zion. Baina ez dakigu hiltzaileak Rebeca erdi hilda laga zuenetik eta poliziari deitu zion arte zer izan zuen buruan; ez du kontatu zergatik hil zuen. Aitortu du tratu txarrak eragiten zizkiola eta epaiketan azaldu da aurretik ere beste bikotekide ohi biri ere tratu txarrak eragin zizkiela eta salatu ere egin zutela. Baina Rebecak ez zuen horren berri. Berak Boliviatik Euskal Herrirako bidea egin zuen, han alaba eta semea lagata, bizitza hobeago baten bila; hala kontatu dute lagunek. Euskal Herrian ezagutu zituen lagunek. Guztiak ere, bera bezala, beste herrialderen batetik etorritako etorkinak. Guztiak ere, bera bezala, egoera zaurgarrian bizi diren emakumeak. Bizirauten duten emakume etorkinak. Babes sarerik ez duten emakumeak. Irabazten duten dirua alokatutako gela bat ordaintzeko darabiltenak eta gainerako apurrak euren senideei bidaltzen dizkietenak. Gure zaharrak zaintzen ibilitakoa, soldata miserable baten truke. Bakarrik zegoena eta, halako batean, amorante bat aurkitu zuena eta diru gehiago irabazteko asmoz taberna bat alokatu zuena. Bere egoera sozioekonomiko berean dauden bezeroak izatera kondenatuta, baina aukeratzat ikusi zuena taberna. Jipoiak jasan arren, alabari ondo zegoela esaten zion emakumea. Rebeca zuen izena, etorkina zen, emakumea, ama, emaztea, laguna, babesgabea.

Epaiketa jarraitzea tokatu zait Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta lekukoak entzunda eta ikusita, ezagutzen ez dugun eta guretzat guztiz ikusezina den ezkutuko eguneroko bat agertu zait begien aurrean. Eta min eman dit. Zenbat Rebeca ote dago bakarrik daudelako edozelako tratu txarrak jasan arren nora jo ez dutenak. Mingarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak