Kanpainak, zehazki, hauxe dio: Zuetaz harro, ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da.
Gure andreak: amak, amamak, izebak, ahizpa zaharragoak, maistrak, auzokideak… Igual, ez ditugu feministatzat kontsideratu, baina denek eman dizkigute aholku onak: gure burua aintzat har dezagun, gugatik begiratu dezagun, gure gaitasunei balioa eman diezaiegun, independente izan gaitezen erabakiak hartzeko, baita ekonomikoki independenteak ere. Eta ez, hori ez da egoista izatea; izan ere, gure burua maitatzen, aitortzen, errespetatzen eta, batez ere, janzten ez badugu, ezingo dugu eman, partekatu, eraiki, zaindu.
Gure amama zenak, esaterako, autoarekin ikusi ninduenean esan zidan: "Aurrerantzean, ez duzu inoren mende egon beharrik izango nahi duzun lekura joateko". Hark ez zuen gidatzen; ezta gure amak ere. Eta askotan pentsatu dut horrek ere asko baldintzatu duela amaren bizimodua; batez ere, garraio publikoa Antzuolan garai batean ez zelako apenas existitzen. Amak nire zaintza lehenetsi zuen bere gaztaroan. Lana laga zuen eta hortxe eten zen haren ibilbide profesionala. Garai hartan ohikoegia izaten zen erabaki hori hartzea. Agian, horregatik babestu nau hartutako erabaki profesionaletan, ondo aterako ziren jakin barik, ziurgabetasunak ematen duen bertigoarekin eta ama baten beldur guztiekin. Baina hortxe egon da beti, babesten. Pazientzia du amak bertute. Izugarria. Agian, horregatik ere miresten dut, nik ez baitaukat zipitzik ere. Baina erakutsi dit bere modura independente izaten, emakume heldua izaten.
Eta horretan ere beste hainbat emakumek laga dute arrastoa nigan. Eskola garaian izan nuen Mila andereñoa da horietako bat. Hura ikusten genuen libre, aske, alai. Hartu beharreko bidea erakutsi zigun, artean ume ginela.
Eta herrian ere izan ditut erreferente hainbat; helduago nintzela topatu nituenak, politikoki markatu nindutenak, eta kontzientzia feminista izaten. Pilar eta borrokaren garrantzia datozkit gogora. Baina askoz gehiago dira, zarete, harro egoteko moduko emakumeak. Horregatik ere eskerrik asko denei.
Harro zuetaz.