Egunotan horri bueltaka ibili naiz, Antzuolako Udalak erabaki baitu argitaratu izan dituen liburuak digitalizatzea, nirea izan ezik. Ulertzen dut erabakia, baina ez dut partekatzen. Kontua da Cesareo Gabarain zenari adin txikikoei sexu gehiegikeriak egitea leporatu dizkiotela. El país egunkariak egindako ikerketa baten, hogei bat biktimak salatu dituzte abadearen gehiegikeriak, eta Elizan, Donostiako eta Madrilgo elizbarrutietan, bazekitela ere badio ikerketak.
Gogoan daukat Antzuolako Udalaren beka bati esker Cesareo Gabarainen inguruko liburua egiten hasi nintzenean, 1998-1999an, abadea herriko maristetan egon zen garaian ume eta gazte izandako antzuolar askorekin berba egiteko aukera izan nuela. Baina isiltasun une bakarra daukat gogoan; Eperra sozietatean egin genuen juntadizoan gertatu zen. Herrian beti egon izan baita zurrumurrua Cesareo Antzuolatik kendu egin zutela, zerbait gertatu zelako. Aldiz, nire aurrean, bederen, inork ez zuen inoiz hitzez adierazi. Horregatik ere egin nuen liburu hura; garai hartan ume eta gazte ziren antzuolar askoren une atsegin eta gustagarriak bakarrik jaso zituen: bidaiak egin zituztenekoak, dantza taldea sortu zenekoa, abesbatza, Danok Bat elkartea... Ez zuen inork abade haren kontrako berbarik egin, eta errespetatzen dut. Bakoitzak erabakitzen du zer eta noiz esan; kontatu nahi izatera, jakina. Mina eta beldurra oso pertsonalak baitira, baita lotsa ere; lotsa izaten baita umetako sexu gehiegikerietan biktimak sentitzen duena, lotsa eta errua, guztiz bidegabea den arren.
Liburua kaleratu zen eta han jaso nituen garai hartako gaztetxoen argazki asko, kontu asko. Eta pena ematen dit, hein batean, digitalizazio prozesutik kanpo geratzeak. Liburua osatzen lagundu zidatenek ez dutelako inolako errurik ezta ardurarik ere Cesareo Gabarainen kontrako salaketekin.
Eta iruditzen zait ez dutela zertan izan ezeztapenaren kulturaren biktima. Horixe baita Udalak erabaki duena: onartezintzat jo den pertsona edo erakunde bati babesa kentzea. Aukeran, liburuarekin batera ohartarazpen ikusgarri bat gehitzea nahiago nuke, azaltzen liburua egitea erabaki zenean saihestu egin zirela izan baziren zurrumurruak, eta, gerora, kazetaritza ikerketa batek jaso bezala, liburuaren protagonistaren kontrako salaketak jarri direla, sexu gehiegikeriak egitea leporatuta. Eta informazio horrekin guztiarekin irakurleak erabaki dezala, gero, irakurri nahi ote dituen Antzuolako herritar askoren bizipenak diren bestelako oroitzapenak.