Zer aldatu da?

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2023ko eka. 16a, 00:00

Madrilen PPkoak haserre, Sanchezek ez dielako laga euren garaipenaz gozatzen; ezta finolatu ere!

Penaz geratu dira feijootarrak, ezingo diotelako nahi beste aldiz leporatu Sanchezi hauteskundeak galdu dituela eta eurek irabazi dituztela. Izan ere, inork espero ez zuena egin du Espainiako presidenteak: hauteskunde biharamunean, hauteskunde orokorrak aurreratu dituela iragarri. Tori, sorpresa efektua! Atzera ere hasi dira alderdiak kanpainak prestatzen eta herritar asko eta asko opor-kalkuluak egiten. Zuek ez dakit, baina gurean otsailean aukeratu behar izan genituen udako opor-egunak eta, jakina, lan-antolaketari eragingo dio hauteskunde aurrerapenak, duda barik.

Baina goazen gauza inportanteetara: gurean zer? EAJ-PSE akordioa sinatuta, PPren esku geratu dira bi plaza handi: Gasteizko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. EH Bildu izan zen arren bozkatuena M28an, beste biek boto gehiago batzen dituzte, baina, hala ere, nahikoa ez. PPk zer bozkatuko zain geratu dira. Esan baitute, batzuk eta besteek, ez dutela PPrekin ezer negoziatuko, ez dutela haien aldeko botoengatik ezer ordainduko. Iturgaitzek aurreratu zuen Gasteizko alkatetza gratis et amore emango ziela sozialistei, EH Bilduren esku gera ez zedin –jeltzaleak laugarren geratu ziren Gasteizen, popularren atzetik–. 

Baina bada beste kontu bat, Gipuzkoako kasuan, asmatzen ez dudana: zer aldatu da 2011tik 2023ra? Izan ere, Xabier Barandiaran EAJren politika berrikuntzarako burukideak zera zioen Egun on Euskadi telebista saioan: "Ez dezagun ahaztu alderdi sozialistak eta alderdi jeltzaleak, bien artean, Podemosek eta ezker abertzaleak baino boto gehiago lortu dituztela, 15.000 boto gehiago lortu dituztela". Begiratu ditut emaitzak: zehazki, 36.450 boto gehiago. Ados. Baina 2011n ere horrela izan zen; alegia, EAJk eta PSEk Bilduk baino 20.772 boto gehiago izan zituzten. Orduan ere PPrekin gehiengo ziren jeltzaleak eta sozialistak, baina Martin Garitano izan zen ahaldun nagusi, ez Markel Olano. Zer aldatu da 2023an Maddalen Iriarte ahaldun nagusi izateko aukerari atea ixteko? Agian, hauteskunde orokorrek argituko digute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak