Bueno, txundituta naukana da jakiteak zenbat zatitan banatu eta zabalduta dauden Greziako tenplurik ezagunenaren marmol zatiak. Italiak iaz aldi baterako laga zion Greziari frisoaren Fagan zatia. Siziliako museo batean zegoen. Fagan abizena da Robertena, Sizilian zegoen kontsul britainiarrarena. Ez da kasualitatea. British Museumen baitaude friso greziarraren marmolik gehienak. Eta greziarren aspaldiko eskakizuna bada ere itzuli diezaietela, Erresuma Batuko legeak ez du uzten. Museoak, legez, aldi baterako maileguak baino ezin ditzake egin. Legeak debekatu egiten dio greziarrena dena greziarrei itzultzea. Greziarrek diote enbaxadore britainiarrak lapurtu zituela friso zatiak 1801ean; dirudienez, antigoaleko gauzen zale amorratua zen eta sultanaren baimena lortu omen zuen Partenoiaren barruko pieza haiek eramateko. Horixe diote britainiarrek; agintarien arteko akordioa egon zela eta 1816an museoak erosi egin zituela. Hor nonbait irakurri dut 35.000 liberaren truke erosi zituela gobernu britainiarrak. Ez omen zegoela oso seguru Elgin kondeari pieza haiek lekuz aldatzeko baimena ere ematen omen zion bere karguak.
Deitu konspiranoiko, nahi izatera, baina inperioak tartean direnean, niri neuri, akordioek baino negozioen teoriak pisu handiagoa duela iruditzen zait, eta horrek zurea ez dena hartzeko eskubidea duzula sinesteak.
Parisko Louvre museoan ere badira Partenoiaren zatiak, zentauroen eta gizonen arteko borroka irudikatzen dutenak. Dirudienez, kasu honetan, aurkitu egin omen zituzten marmol zatiak Partenoiaren aurrealdean. Diplomatiko frantses batek, arkeologia-zalea hura ere. Han paseoan zebilela edo.
Oraingoz, betiko itzuliko diren Partenoi zatiak Vatikanoak itzuliko dituenak dira. Hantxe egon dira gordeta, XIX. mendetik, hiru zatitxo: zaldi buru bat eta giza buru bi. Francisco aita santuaren aginduz martxoaren 24an Greziara itzuliko dira, dituzte, Kristo aurreko 440. urtean sortutako greziar klasikoaren eskulturaren obrarik nabarmenenaren zatiak.
Izan ere, sekula ez da berandu lapurtutakoa itzultzeko.