Gaizka

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2021ko ira. 24a, 00:00

Hainbat aldiz hasi naiz testu hau idazten. Buruan bueltaka ibili ditut berbak, ordenatu ezinda. Zer esan zenezake lagun bat hil dela esaten dizutenean? Zer egin behar da etxetik hain urruti eta pandemia baten erdian gertatzen denean heriotza hori? Nondik hasten da bat gertaera barneratzen?

Bada, gaztetako argazkietara jo dut, ordukoak baitira paperean ditudan zientoka argazki. Han aurkitu ditut Gaztelugainen bazkariak egiten genituenekoak, Galiziara oporretan joan ginenekoak, Gaztetxe aurreko bankuan Rakel, Itziar eta Laurarekin ateratakoa eta, zelan ez, intsumisoen garaikoak! Bai! Iñako askatu pankarta eskegi genuenekoa udaletxeko balkoitik, soldaduskara ez joateagatik preso hartu zutelako. Gose greba egitea erabaki genuen... asteburu bat udaletxean. Hura izan zen festa! Zenbat patata-tortilla ekarri zizkiguten domeka eguerdian atera ginenean! Pilarrek esan dit ahaztuta zuela une hura, baina nik ondo gogoan daukat!

Hor ibili naiz argazki guztietan lagunaren bila... Bai, Gaizka, zure bila. Ez dakizu ze nekeza izan den! Hori mania zenuena aurpegia tapatzekoa, objektiboari ihes egitekoa! Ameriketako indioek bezala arima lapurtuko zizuten beldur ote zinen? Akaso, hori izango da... Beti izan zara pixka bat indioa, pixka bat makarra. Eta, joateko orduan ere igual... Bakarrik zinela non eta Kamerunen. Ze urruti dagoen Kamerun, Gaizka! Baina, jakina, Racingekoa izanda zuri etxe ondoa irudituko zitzaizun! Euskal Herrian baino ordubete gutxiago da Kamerunen … Santanderrera autoz dagoen distantzia bera. Bazenekien? Baina zuri puntako orduak baino gehiago gustatu izan zaizu beti "las y veinte"; zure saloiko erlojuan, ordu eternala: "Las nueve y veinte...","... la hora del ambiente"! Denok ikasi genuen hori, Antzuolan, Arrasaten, Zallan, Gernikan, Plaentxin, Osintxun, Legazpin… Non ez? Non ez duzu, ba, zuk lagunik egin! Eta, hala ere, bakarrik joan zara. Munduan lagun gehien dituen mozoloa, eta inori agur esan barik. Hori bai anbientea, Gaizka.

Asko, asko izan dira irailaren 6ko deia jaso nuenetik gogoratu ditudan momentuak. Eta esango nuke den-denak izan direla ederrak, poztekoak, maitasunezkoak... Eta denboran atzerago ere bidaiatzen lagundu didazu: Bitoriano eta Marijesusenian orduak egiten nituen garaiaz ere gogoratu naizelako. Amamaren etxetik zuenera jaisten nintzenenekoa, zurekin egotera…

Gaizka, berriro ere sumatzen ditut malkoak begietan. Honaino iritsi naiz.

Agur, Gaizka. Eskerrik asko izan zaren modukoa izan zarelako.

Maitasunez, Marijuase.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak